Mutrikuko Udal Gobernu Taldeak (Bildu)
Debabarreneko mankomunitateak 2013ko aurrekontuak «adostasunik gabe» onartu dituela kritikatu zuen barikuan egindako agerraldian. Prentsaurrekoan
Jaione Peña Mutrikuko zinegotziak eta Deba, Mendaro eta Mallabiako alkateek parte hartu zuten. Hau da, Debabarreneko mankomunitatea osatzen duten zortzi herrietatik lau herriko ordezkariek.

Ordezkarien esanetan, Debabarreneko Mankomunitateko gobernu taldeak abenduaren 27an eta 28an helarazi zien 2013ko aurrekontuen gaineko dokumentazioa, eta urtarrilaren 2an onartzea proposatzen zuten. «Dokumentazio hori aztertzeko denbora gutxi zegoela ikusita, eskualdeko lau udalerrik idatzi bat aurkeztu genuen 15 eguneko epea eskatuz horretarako», azaldu dute. «Erantzunik ez genuen jaso aurrekontua onartu zuten batzar egunera arte eta, batzar hartan, ukatu egin ziguten eskubide hori».
Ingurumen arloan trabak
Ingurumen arloan adostutakoari egin zioten kritikarik gogorrena. Izan be, Debabarreneko mankomunitatea da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen eskualdea. Horren aurrean, birziklatze tasak handitzeko neurriak proposatu dituzte mankomunitatean. «Proposatu izan ditugun neurriak ez dira PSE-EAJk osatutako gobernu taldearen gustukoak izan», diote. «Ez zaie komeni zaborra murriztea? Erraustegia justifikatzeko, akaso?».
Azpimarratu nahi izan dute aurrera atera duten iniziatiba bakarretakoa hondakinak biltzeko sistemen azterketa bat egitea izan dela. «Ez dakigu azterketa horrek zer emaitza izan dituen», diote. «Zer ezkutatu nahi digu mankomunitateak?».
Horren guztiaren aurrean, 2013ko aurrekontuei alegazioa ipinitzeko erabakia hartu dutela adierazi zuten ordezkariek, «aurrekontuak onartzeko foru agindua bete ez izanagatik».