Euroagindu eskaera bat tarteko, Aingeru Cardaño Munitibarko bizilaguna Espainiaren esku utziko du Frantziak, herrialde hartan zigorra bete ostean.
Presoaren amak jakinarazi bezala, urtarrilaren 15ean Espainiaratu lezakete Cardaño; halanda be, egun horretatik hamar eguneko epea du Frantziak presoa Espainiara estraditatzeko.

Munitibarko bizilagunaren amak azaldu bezala, kale borroka istiluengatik auzipetuta dago Espainian Cardaño; hori dela eta, familiak ez daki zer gertatuko den presoagaz Espainiara estraditatzen dutenean: «Ez dakigu aske utziko duten ala barriro be espetxeratuko duten», dio haren amak.
Ordu gehienak, giltzapetuta
2007ko uztailaren 2an atxilotu zuten Aingeru Cardaño Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Ekaitz Agirre Goñi eta Jose Antonio Aranibarregaz batera. Ustez,
ETAko Elurra komandoko kideak izateagatik atxilotu zituzten hirurak. Urte horretan espetxeratu zutenetik, Fleury Merogis espetxe frantziarrean igaro ditu gaur egunera arteko urte guztiak preso. Haren amak azaldu bezala, eguneko ordu gehienak giltzapetuta igaro izan ditu bere zeldan. Patiora ateratzeko ordu eta erdiko baimena zuen goizean, eta beste horrenbeste arratsaldean.
«Aske geratu daitekeenaren aukera dagoela badaki, baina, era berean, Espainiaratu bezain pronto kartzelara joan daitekeela be badauka buruan», aitortu du presoaren amak. Halanda be, familiak ez du esperantzarik galdu gura. Behin Cardaño Espainiaratuta, harekin zer gertatuko den ziurgabetasuna du familiak: «Guztia barria izango da, sistema barria… Zer datorren zain geratuko gara eta aurrera egingo dugu», dio amak.