Etxetik kaleratzekotan ziren lekeitiarraren kaleratze agindu judiziala bertan behera utzi izana baloratu du Lekittoko Herri Asanbladak
Etxetik kaleratzekotan zeuden lekeitiarraren kaleratze agindu judiziala bertan behera utzi izana baloratu du Lekittoko Herri Asanbladak. Hasteko, kaleratzea geldiarazteko hainbat herritarrek egindako lana zoriondu, eta kaleratzea geldiarazteko orduan herritarrek egin duten presioak pisu handia izan duela nabarmendu dute. Bai eta gaiaren inguruan eskumena izan duten bestelako eragileekin izandako koordinazioak be. “Batez be udalagaz eta bertako aholkulari juridikoagaz zein gai honetaz arduratzen den Bizkai mailako elkarte bategaz be”, esan dute. Indar guztiak batuta, herriko bizilagunak bere etxean jarraitzea lortu dutela azpimarratu dute. “Behin behinekoz, oraindik ze baldintza eta epetan izango den adosteko baitago ugazaba direnekin”, zehaztu dute herri asanbladakoek. Hori dela eta, euren lana ez dela bukatu argitu dute “gure helburuetako bat lekeitiar orok aterpea izateko eskubidea bermatua izatea da-eta. Kasu honetan, herritar honek luzaroan bere etxean gelditzeko aukera izatea”.