Senideek HITZAri jakin eragin diotenez, “momentuz informazio nahasia dago. Dakigunez, martitzenean epailearen aurretik pasatzekotan dira. Baina momentuz guk ere ez dakigu ezer gehiago. Abokatuagaz berba egingo dugu eta jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztuko dugu orain. Gaur, astelehena, Pariserantz doazela jakin dugu”.
Atxiloketaren kronika
Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko bizilaguna eta Urtzi Etxeberria atxilotu zituen bariku arratsaldean Frantziako poliziak. Atxilotuak armatuta zeudela zabaldu dute berri agentziek. Espainiako berri agentziek jakitera eman dutenez, La Nievre departamentuko errepide batean atxilotu zituzten, 17:30 aldera, kontrol batean. Iturri horien arabera, gutxienez pistola bat zeukaten. Polizia iturriak aipatuz, agentziek diote atxilotuetako bat Andoni Lariz Bustindui dela.
Gertatutakoaren inguruan
informazio nahasia dago. Iturri batzuen arabera,
ustezko etakideek ihesari eman zioten kontrolean gelditzeko agindu zietenean. Harrapatu egin zituzten, eta
biek ETAko kide zirela esan zuten.
Beste iturri batzuen arabera, ordea,
ez zioten ihesari eman, eta
bien artean gazteleraz ari zirelako ondorioztatu zuen Poliziak ETAko kideak direla.
Gertaera horren harira,
bihar, domeka, 13:30ean, elkarretaratzea egingo da Ziortza-Bolibarko plazan.
Aurtengo lehenengo atxilotuak
Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek kargua hartu orduko ohartarazi zuen ez zuela etsiko ETAk kideak atxilotu gabe. Aurtengo aurreneko atxilotuak dira, eta iaz 19 lagun atxilotu zituzten.