Gaur-gaurkoz, senatari izateko lege arazorik ez du Iñaki Goioagak
Gaur-gaurkoz Madrilen senatari izateko lege arazorik ez du Iñaki Goioaga abokatuak. Hala adierazi du Juan Jose Lucas (PP) Senatuko presidenteorde lehenak. Legedia «zorrrotz» beteko dutela dio, baina oraingoz haren izendapena eragozteko erabaki judizialik ez dela onartu du.
Ildo beretik mintzatu da Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria (EAJ). Haren esanetan, bateraezintasunik egon ezean eta behar besteko botoak batuz gero, senatari izendatuko lukete Goioaga hilaren 24an. Beraz, oraingoz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainiako Gobernuaren delegatu den Carlos Urkijoren eskaera ez du kontuan hartuko Eusko Legebiltzarrak. Hain zuzen, Goioaga senatari izendatu ez dezaten neurriak har ditzan eskatu dizkio PPkoak legebiltzarrari.
PSE-EEk bestalde, sortutako polemikarekin «harrituta» dagoela azaldu du, alderdi politikoaren ustetan, Goioaga bere «eskubide osoen jabe» delako.
Jarrera «inkisidorea»
EH Bilduk Madrilen senatari izateko proposatu duen hautagaia da Goioaga. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ETAko kide izatea leporatu dio abokatuari, Jose Miguel Latasa ETAko kide ohiak Arabatik blogean idatzitako sarrera bat oinarri hartuta. Akusazio horren gainetik, Espainiako senatari izateko Iñaki Goioaga abokatua aurkeztuko duela berretsi zuen atzo EH Bilduk, eta gogor salatu du Fiskaltzaren erabakia: «Jarrera inkisidore horiek iraganekoak dira». Koalizioko kideen ustetan, gainera, Auzitegi Nazionalak «izaera politiko» nabarmena du, eta «salbuespeneko jurisdikzioa» aplikatzeko erabiltzen da.