Andoni Lariz bolibartarraren atxiloketaren harira, ezohiko osoko bilkura egitea eskatu diote Bilduko zinegotziek Ziortza-Bolibarko udalbatzari; bertan, mozioa aurkeztu eta horren bitartez, hainbat puntu onartzea proposatu nahi dio Bilduk udalbatzari. Alkateak, mozioa irakurri eta gero, barikuan ezohiko osoko bilkura egitea onartu du. Horrela bada,
barikuan, 19:00etan, ezohiko osoko bilkura egingo da.
Mozioaren bitartez, batetik, Ziortza-Bolibarko Udalaren izenean zenbait eskaera Espainiako zein Frantziako barne ministeritzari helarazteko eskaera egin dio Bilduk udalbatzari.
Berehala aske uzteko eskaera
Bildukoek diotenez, «gatazka eta errepresioari loturik, edonolako atxiloketa lekuz kanpo dago gaur egungo testuinguru politikoan, eta bake egoera bat eratzeko ibilbidearen aurka jotzen du bete betean». Horregatik, Lariz eta Etxebarria berehala aske uztea eta atxiloketak betirako amaitzea eskatu du Bilduk.

Gainera, salatu dutenez, «are eta asaldagarriagoa suertatzen da inkomunikazio erregimena eta hark ahalbidetzen dituen torturak gertatzea, edozein testuingurutan onartezina dena». Hori horrela, inkomunikazio erregimena indargabetzea eskatu du oposizioko taldeak, eta baita atxilotuei tortura saihesteko Torturaren Aurkako Taldearen protokoloak biltzen dituen neurri guztiak aplikatzea.
Bestalde, «Euskal Herrian zabaldu den testuinguruan, gatazka politikoa gainditzeko ezinbestekoak diren minimo demokratikoen aldeko eragile bilakatzea» gura dute Ziortza-Bolibarko Bilduko zinegotziek.
Bukatzeko, atxilotuen senideei elkartasuna adieraztea eta inkomunikazioak dirauen bitartean, lagungarri izan dakizkieken bitartekoak eskaintzea eskatu dio Bilduk udalbatzari.
- Atxiloketaren albista irakurri.