
Metal sektorearen herrialdeko hitzarmena adosteko mahai osaketaren lehen bilera egin zutenetik urtebetera, prozesua blokeatuta dagoela kritikatu du LAB sindikatuak, Gernika-Lumon egindako agerraldi batean. Egoera «tamalgarria» dela deritzo sindikatuak, ituna barritzearen premia nabarmenduz. Kontrara, sektore horretako beharginek beren eskubideak galduko lituzketela dio LABek; atzerapauso bat emango litzatekeela, alegia. Hori guztia dela eta, «kalera irtetzeko garaia» iritsi dela azaldu du Jon Iñaki Alkortak, mobilizazioak aurreikusten dituztela iragarriz.
Lea-Artibain LABek emango duen lehen urratsa langileak informatzeko asanblea bat egitea izango da. Markina-Xemeingo kultur etxean elkartuko dira hilaren 26an, 11:00etan. Sektoreko behargin guztiei egin die joateko deia, garrantzitsu baiteritzo hitzarmenaren egoera eta akordiorik ezean eratorri daitezkeen ondorioak jendarteratzea.