Ondarroako Errenteria auzoan egunotan bizi izan duten egoeraren harira, uxolei aurre egiteko padurak berreskuratzeko premia berretsi du Eguzkik. Izan be, etengabeko euriak eraginda, urak gainez egin du Errenteria auzoan, inguruko lurretan eta Alleriko paduran. Horren aurrean, Eguzkik eskaera batzuk bideratu ditu, padura berreskuratzea Ondarroarentzako kontu estrategiko bat izan behar dela iritzita. Ekologisten esanetan, padurari urteetan kendu zaizkion lurrak bueltatu behar zaizkio, lurra kendu eta ur filtrazioak eginda. «Errekari behar duen espazioa eman behar zaio, gainez egin ez dezan».
Uxolen arazoa egun batetik bestera ez dela desagertuko jakinda, neurririk hartu ezik, handitzen ere joan ahal dela adierazi du Eguzkik: «Azkan urteetan Nasa kalean eta Kafe Atzean egin diren obrek erreka estutu egin dute, eta aditu askok diotenez, itsasoaren mailak gora egingo du hurrengo urteetan. Horren aurrean, padura berreskuratzea da egin dezakegun onena»,
Foru Aldundiari eskaera
Alleriko 500 etxebizitzen eraikuntza gelditu izanagatik hurrengoa esan du Eguzkik: «Herritarron salaketari esker, epaileek etxebizitza horiek ilegalak zirela esan zuten. Imajinatzen dituzue 500 etxebizitza urak gainez egiten duen eremu horretan?».
Gogoratu dute epaileak etxeak ilegalak zirela esan zuela, eta Ondarroako Udalak bertan behera laga duela proiektua abenduan. «Eremu hori ezin zela hiri lurra izan be esan zuen epaileak, baina Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du leku horren izendapena aldatu. Argi ikusten dugu Alleriko eremua landa eremu legez gorde behar dela, eta padura berreskuratu behar dela». Etorkizunean eremu horretan etxebizitzak egin nahi izatea «zorakeria» deritzo taldeak. Hori horrela, aldundiari eremu horren izendapena ahalik eta arinen aldatu eta landa eremua bihur dezala eskatu dio.