Euskarari buruzko gogoeta egiteko aukera edukiko dute eguenean Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Udaleko Euskara Zerbitzuak euskarari buruz gogoeta egiteko saioak antolatu ditu herritar guztiek euskararen inguruan hausnar dezaten. Etzi, eguenean, izango dira lehenengo bilerak. Lehenengo merkatariekin egingo da batzarra, 13:30ean. Gero, 18:30ean, herritarrentzako saioa egongo da.
Udala Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen aritu da azken urteetan. Aurten, hurrengo bost urteetarako ekintza-plan berria diseinatzea erabaki du. Lan hori herritarren parte hartzeagaz egitea erabaki dute jendea aktibatu eta iritzia eman dezan.
Beraz, orain arte egindako ibilbidea ikusi, aurrerapausoak aztertu, hutsuneak identifikatu, eta horrekin diagnostikoa egin nahi da. Horrek etorkizunera begira jartzeko aukera emango diela adierazi dute euskara zerbitzukoek, eta «norabidea marrazteko oinarriak» eskainiko dituela gaineratu dute.
Aste honetan eta otsailean egingo diren bileretan egitura berezia erabiliko da euskararen egoera arloka aztertzeko.
Hiru lan-mahai eta zortzi lan-talde txiki jarriko dira martxan. Lehenengo taldean euskararen transmisioa landuko dute. Familian eta eskolan ematen den transmisioa eta gazteen eta helduen euskalduntzea landuko dute talde horretan.
Bigarren lan-taldean herriko gizarte bizitzako euskararen erabilera landuko da: kultura, kirola, komunikabideen arloa eta irakurzaletasuna landuko dira lan-talde horretan.
Hirugarren lan-taldean zehar-lerroak eta euskararen sareak landuko dira. Hau da, euskalgintza, euskalzaletasuna, hizkuntza politika eta Udala aztertuko dituzte.
Saioak irekiak dira eta ez da derrigorra aurretik izena ematea. Hala ere, nahi izanez gero aurretiaz izena emateko 94 616 74 54ra dei daiteke, edo euskara@markina-xemein.com-ra idatzi.
Udalak euskararen normalizazioan egingo duen beharra planifikatzeko parte hartzea oso garrantzitsua dela esan du arduradunek. «Esperientziaz dakigu ekarpen oso baliotsuak jaso ahal izango ditugula bileretan», esan du Iratxe Lasa Euskara Zerbitzuko teknikariak.
Gonbidapena luzatu nahi diete herritar denei, guztien proposamenak lagungarriak direlako.