Herritarren parte hartzea bultzatzea eta diru premian dauden herriko kultur taldeei laguntzea. Horiek dira aurten Mutrikuko santa eskeak izango dituen bi helburu nagusiak. Hori dela eta, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute Mutrikuko Bertso Eskolako kideek, eta herriko bazter guztietara iritsi. Horretarako kultur taldeekin elkartu da bertso eskola. «Kultur taldeekin batu gara, eta haietako askok erakutsi dute parte hartzeko borondatea», azaldu dute antolatzaileek. Herriko kultur taldeetan ari direnen parte hartzea, ordea, ez da berria. «Askok urtero parte hartzen dute santa eskea aurrera ateratzeko, kultur taldeetan egon ala ez».
Santa eskeko taldeak eta ibilbideak aurrez antolatu ahal izateko, zerrendak ipini dituzte Zubixan eta Loretxun, parte hartzeko asmoa dutenek bertan izena eman dezaten.