Errege kabalgata eguna modu berezian ospatu zuen gazterik bada Lea-Artibain eta Mutrikun. Erregeen oparia aurretik jaso zutenak alegia. Eta jasotako oparia ez zen edonolakoa izan; miresten zutena lortu baitzuten.
Mutrikuko Errealaren Lagunak taldeak Iñigo Martinez eta Asier Illarramendi Realeko
jokalarien kamisetak zozkatu zituen urtarrilaren 5ean, errege kabalgata egin zen egunean. Zozketa «garbia» izan zedin, mutrikuar gazte bat izan zen bolatxoak saskitik atera zituena:
Sean Ituarte Lekube.
Sorpresa, bertatik bertara
Martinezen kamiseta ondarrutar bati tokatu zitzaion. Baina
sorpresa Illarramendiren kamiseta zozkatzerakoan etorri zen. Izan ere, Ituartek azken bolatxoa atera zuenean, bere aita konturatu zen zenbaki saritua eurek erositakoa zela. Ituarte sariduna bera zela konturatu zenean, pozez gainezka ipini zen. Ez bakarrik bera, ingurukoak ere bai.
Ituarte gaztea eta oso Realzalea zenez,
Illarramendiri deitu eta kamiseta mutikoaren aurrean sinatzeko eskaera egin zioten. Eta Illarramendik, bi aldiz pentsatu gabe, onartu zuen gonbitea.
Ituarterekin batu eta kamiseta sinatzeaz gain, argazkiak atera zituzten.
Horrela bada,
zozketa sinple bat izatetik emozioen unea izatera pasatu zen Mutrikuko Errealaren Lagunak taldeak kabalgata egunean egindakoa.
Lehendik ere Sean Ituarte oso Realzalea bazen, orain, kamiseta eskuetan duela, inoiz baino zaleago izaten jarraituko du. Baina ezberdintasun batekin, lehen bihotzean zeramana, orain soinean ere eramango du, sinadura eta guzti.