Eladino Gonzalez: Ondarroako Lehen Mailako Unitateko Burua
Ginekologia zerbitzuak aldaketak jasan ditu urtarrilaren amaieran Gernika-Lumoko, Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Ondarroako osasun etxeetan. Eladino Gonzalezen (Ondarroa, 1960) iritzian, espezialitatea Durangoko Landakora bideratzeko lehenengo pausoa baino ez da.
Ginekologiako kontsulta egunak gitxitu dituzte oraintsu. Zer dela eta?
Arrazoi teorikoa Zornotzako ginekologo baten gaixoaldi-baja da. Baja luzea izatea aurreikusten da. Itxura denez, ez dago ginekologorik kontratatzeko, eta zerbitzua berrantolatzea pentsatu dute. Zornotzako arazo bat konpontzeko, eskualdeko ekialdeko zonalde guztia ikutu dute. Aldaketak Gernika-Lumori, Ondarroari, Markina-Xemeini, Lekeitiori, Durangori eta Zornotzari eragiten die. Ginekologia zerbitzua itxi egin dute Zornotzan, lau egunean kontsulta izatetik ez izatera pasatu da. Ondarroan, martitzenekoa kendu dute, eta eguenetan egongo da bakarrik. Lekeition be astean egun batean baino ez da egongo; eta Markina-Xemeinen, lehen asterokoa zena, orain hamabostetik behingoa izango da.
Gainera, Markina-Xemeingo eta Ondarroako ginekologoa Gernika-Lumora mugitu dute, eta Gernika-Lumokoa Landakora.
Zein helburugaz?
Landako Durango indartu nahi dute, astean bi egunean zerbitzua emonaz. Orain arte, kontsulta bakarra pasatzen zuten Landakon. Erabakia Galdakao-Usansoloko ospitaleko ginekologia zerbitzuko buruaren erabakia izan da, bertako kudeatzaileak babestutako erabakia. Inork gehiagok ez du parte hartu erabaki horretan.
Ez dizue inori iritzirik eskatu?
Ez. Inork gehiagok ez du erabaki horretan parte hartu. Kontsultarik pasatu ez genuen lehenengo martitzena ailegatu baino lau-bost egun arinago emon ziguten erabakiaren berri. Ondarroako arduradunok eskualdeko zuzendaritzagaz berba egin genuen egunean bertan, eta hurrengo egunean eskualdeko zuzendaritzak esan zigun erabakia bertan behera geratzen zela. Egun berean, azkan orduan, Galdakaoko ginekologiako zuzendaritzatik deitu ziguten, erabakia mantendu egingo zela esanaz. Uste dut ginekologo horren baja oso ondo etorri zaiela aspalditik zeukaten asmoa aurrera eroateko: ginekologia zerbitzua Landakon nahi dute zentralizatu, beste edozein espezialitate modura hartuta.
Eta ez da beste edozein espezialite modukoa…
Ez da, ez, daroan guztiagatik. Askotan ezin da programatu; bisitak arin ibiltzea eskatzen dutenak dira sarri askotan. Gainera, gaixoa ginekoloagaz eroso egon behar dela irizten zait, alkar ezagutu behar dutela. Hurreko zerbitzua izan behar da, eta hori kanpora eroanda, arazo larriak edukitzen hasiko gara. Ondarroan, adibidez, ez zegoen gehiegizko eskaintzarik. Ginekologoaren kontsulta beteta egoten zen bi egunetan. Eta badirudi ahaztu egin zaigula zergatik dagoen ginekologia zerbitzua osasun etxeetan. Ez da kapritxo batengatik izan. Orain dela 30 bat urteko lorpena izan da ginekologia osasun etxe sakabanatuetan egotea, emakumeei zerbitzu hori gerturatzea. Badirudi hori ahaztu egin dutela. Landakon astean bigarren kontsulta bat eskaintzea ez da irtenbidea, jendea ez da Landakora joango, larrialdietara joango da premia daukanean, eta Galdakao-Usansolo gehiago kolapsatuko da. Guk protestatzen jarraituko dugu.
Nora jo duzue orain arte?
Ondarroako arduradunek zuzendaritza kontseiluan eta eskualdeko zuzendaritzan protesta egin dugu, eta udaletxera joan gara. Ondarroako Udalagaz koordinatzeko zain gaude orain, danok batera zerbitzuaren mantenua ziurtatzeko eskatzeko. Zerbitzua zentralizatzeko erabakia ez da zerbitzu edo ospitale batek hartzekoa. Horrelako erabaki bat maila politikoan hartu beharko litzateke.
Helburua zentralizazioa bada, mantendu dituzten kontsulta egun bakar horrek be, kendu egingo dituzte geroago?
Bai. Aspalditik dago zerbitzua kenduko dutela dioen zurrumurrua. Zerbitzua murriztea bera be irtenbide txarra da. Atzerapauso handia da osasun etxeetan emoten ziren zerbitzuetan, eta norbaitek gaia aztertu egin beharko luke, eta beste irtenbide bat bilatu. Zerbitzu guztiak mantendu beharko lirateke, eta Zornotzak be ginekologia kontsultaren bat eduki beharko luke. Nik pentsatzen dudan modura Galdakaoko larrialdiak kolapsatzen badira, beste liskar bat edukiko dugu, jendea bertara ez litzatekeela joango esanaz. Ondarroa eskualdearen ekialdean dago, mugan, eta sarbide gaitzak dauzka: behin autoa hartuta, ez zara bitartekora joango, zuzenean larrialdietara joango zara. Zerbitzua herritarrei gerturatzen ez badiegu, herritarrak Galdakaora joango dira, eta hura kolapsatu egingo da. Gero, uleetatik tenkadaka hasiko gara, baina abisatuta gaude.
Zenbat atzeratu daitezke Ondarroan ginekologiako itxaronaldiak?
Agenda itxi zeneko hitzorduak aldatzean, otsailaren amaierara edo martxoaren hasierara joango gara. Lehen emondako hitzordu batzuk barriro emon behar ditugu, eta bien bitartean jendeak hitzorduak eskatuko ditu. Hilabeteko edo hilabete eta erdiko atzerapena edukiko dugu.
Haurdunaldien kasuan, egongo da aldaketarik?
Haurdunaldiek lehentasuna edukiko dute, betiko legez, eta betiko denbora tartean ikusiko dira. Agenda zati bat horretarako lagatzen da, baina patologia kontsultak asko atzeratuko dira. Bularrean koskor bat edukiz gero, horrek ezin du itxaron. Zain egon ezin dena Galdakaoko larrialdietara joango dela argi daukat. Zitologiak emaginak egingo ditu osasun etxean bertan, eta ginekologoak ikusiko balu zerbait egin behar dela, pazienteari deituko lioke. Hortik aldetik nahikoa babestuta gaude. Emakume batek, baina, gaixotasun bat daukala pentsatzen duenean, orduan sortuko da arazoa, kontsulta ezingo du-eta zentzuzko denbora tarte batean eduki.
Larrialdi zerbitzua esanda, zelako erabilera egiten da?
Orokorrean, larrialdien erabilera txarra egiten da; hori horrela da. Jendeak pentsatzen du larrialdietan proba asko egingo dituztela, eta gaur egun larrialdiak ez dira hori. Probak egiten dituzte beharrezkoa dela ikusten badute. Probek prisarik ez daukatela iritziz gero, espezialistarengana bideratzen zaituzte, osasun etxean geuk egingo genukeen modura. Ginekologia ezberdina da, baina. Emakume bat guregana baldin badator, estututa, eta esaten badiogu bi hilabetera etortzeko, larrialdietara joango da.
Emakumeen eskubideen kontrako erabakia be bada hartutakoa…
Eskubideena baino, emakumeentzako zerbitzuen galera bat da. Eta, nire iritziz, hamen kasuan ez dauka arrazoi ekonomikorik.
Ez dute krisia aitzakiatzat erabili?
Beharbada, argudiatuko dute, baina, nire iritzian, zentralizatu egin nahi dute, eta hor dago eztabaida: zentralizatu ala ez, eta beste maila batzuetan zentralizazioa babesten duten ala ez. Gaia soziala da guztiz. Horrelako aldaketa bat ez luke zerbitzuburu batek hartu behar. Berak bere arrazoiak edukiko ditu, departamentuan bere arazoak edukiko ditu…
Eta zerbitzuburua ez da emakumea izango…
Ez.
Emakumea balitz, ziurrena ez luke horrelako erabakirik hartuko, ala?
Beharbada ez. Eta bitxia da, baina emakume oso gutxi daude ginekologian lanean.
Norbaitek pentsatuko du: ginekologia Landakora eroan nahi badute, zergatik ez dute pediatria eroango?
Hasiera batean, inork ez du pediatriaren gainean ezer esan. Baina ginekologiagaz egiten badute, zergatik ez dute egingo pediatriagaz? Espezialitatea da baita be. Ginekologia kentzen badigute, eta hori normaltzat hartzen badugu, pediatria kentzea etor daiteke. Kostuak hortik murrizteko tentazioa egon daiteke, beharbada. Hor serio ipini behar gara. Kosteak ezin dira hortik kendu. Zerbitzuak ez dira murriztu behar, hobeto emon behar dira. Gutxiagogaz gehiago egin behar dugu, eta ahal dugu egin gehiago gutxiagogaz. Uste dut profesionalok gehiago emon genezakeela gutxiagogaz. Haserre gaude? Bai, jendeak murrizketak eduki ditu ekonomikoki? Bai, baina prestazioan hobeto egin genezake. Ez bagara geu hobetzen, zuhaitzen adarrak moztera etorriko da bat edo bat, eta ez du galdetuko nondik moztu behar duen.