
Indusmakina, Mijoa ibaia garbitzen
Mutrikuko Udalak Mijoa errekan uholde arriskua ekiditeko egindako aurrelanek ondorio positiboak eduki dituzte. Isasi baserriaren aurrean egindako lanei esker, azken asteetako denboraleek ez dute inguruan eragin kaltegarririk sortu.
Arriskurik handiena sortzen zen bi puntuetan lan egiteko baimena eskatuta, udalak esku hartu zuen lehenengo lekua izan zen Isasi baserriaren aurreko aldean dagoen zubiaren azpiko aldea. Izan ere, zubiaren azpian material asko zegoen batuta, eta horrek urari pasatzen ez lagatzeaz gain, ur asko zetorrenean ur-mailak gainezka egiteko arrisku handia eragiten zuen.
Ibaiaren ibilgua Eusko Jaurlaritzaren URA ur agentziaren ardurapean dago, eta hortaz, udalak han ezer egin baino lehenago, baimena eskatu behar izan zion jaurlaritzari. Hark emandako baiezkoari esker, udaleko langileek zubi azpian pilatuta zegoen materiala erretiratu zuten, eta urari bidea ireki zioteten. «Ibai horretan lan handia egin beharra dago, baina egoera zein larria zein ikusita, urgentziazko interbentzioa izan da guk egin duguna», adierazi du Jaione Peña Ingurumen zinegotziak.
Ibaiaren bokalea da udalak identifikatu duen bigarren puntu arriskutsua. «Itsasoak gogor jotzen du, eta alboan dagoen dikeko harriak lekuz mugitu ditu. Harri horiek bokalea itxi dute, eta bertan urtegi efektua sortu da. Ibaitik datorren urak eta ur horrekin datorren materialak zailtasuna dauka itsasoratzeko, eta ondorioz, bertan pilatzen ari da», azaldu du Peñak. Errekaren ibilguan eragin nabarmena dauka horrek, eta «uholde arriskua sortzen duen faktoreetako bat da», gehitu duenez. Bainena eskuratutakoan hasiko dira ibaiaren irteera libratzen.
Errekaren azterketa
Beste alde batetik, Mutrikuko Udalak errekaren azterketa bat egitea lortu du, Gipuzkoako Aldundiko Obra Hidrauliko eta Hirigintza Departamentuaren bitartez. «Azterketa horri esker errekaren egoera hobetuko da, eta uholde arriskua desagertarazteko egin beharreko lanak zeintzuk diren zehaztuko dira», nabarmendu du Peñak. «Proiektu horri esker dagokien erakundeei errekaren egoera zein den eta egin behar diren lanak zeintzuk diren erakutsiko diegu, eta horretan indarra egiteko eskatu».