Zuhaitz, landare eta baserri tresnerien azoka ospatuko da zapatuan Markina-Xemeinen. Bertan, zuhaitz eta landareen 11 mintegi egongo dira landare eta zuhaitzen salmentarako. Horrez gainera nekazal produktuen 9 ekoizle be izango dira Lea-Artibai Landa Garapenerao Elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatutako azokan.
Aurten, azokaren kokapena aldatu behar izan dute. Izan be, orain arte erabiltzen izan dituzten BBK-ren stand-ak aurten BBK-ak ez dizkie utzi. Hori dela eta, azoka zelaian egin beharrean plazabarripean egingo da, saltzaileen aterpea bermatzeko asmoz.
Azokari 10:00etan emango zaio hasiera eta 14:00ak arte iraungo du.
Azokan eskualdeko baserriko produktuak erosteko aukera egongo da, nahiz eta aurten, stand-en gabezia dela eta nekazal produktuen salmenta postu gutxiago egongo diren. Landare eta zuhaitz mintegiak berriz iaz baino gehiago izango dira. Nekazaritza atalean denetariko produktuak erosteko aukera izango da. Bertan izango dira ardi gaztadun bi ekoizle, ahuntz gaztadun ekoizle bat, ogia gozogintzako bi ekoizle, eta txerriki, ahatekin eta baserri lanabesen saltzaile bana.
Zuhaitz, landare eta baserri tresnen azokaz gain Markina-Xemeingo merkatari elkarteak urtero antolatzen duen beherapenen azokatxoa be zapatuan izango da.
Azoka biak leku berean izango dira. Hemen be bai! merkatari elkarteak aurtengo denboraldian saldu ez dena prezio baxuetan jarriko du salgai.
Arropaz gain, musika eta txosna be jarriko dituzte herriko merkatariek.