Denboraldi berrian bidea egiten hastekotan dago
Oihana Kortazar Aranzeta (Elgeta, 1984) Salomon Santiveri taldeko korrikalaria. Txilen dago, leku turistiko eta menditsuan. Hegaldia aldrebesa eduki du, eta 24 ordu beranduago eskuratu du bere maleta. Bidaiko arazoek eragindako urduritasunak uxatuta, prest dago urteko lehen proba egiteko.
Egutegi berrirako maila handiko probak aukeratu dituzu…
Bai, baina asko gustatzen zait egiten dudana, eta orduan oso motibatuta nago. Badakit denbora asko pasako dudala etxetik kanpo, ia lasterketa guztiak kanpoan direlako. Horrek asko suposatuko du, neretzat asko da umearengandik banatuta egotea.
Fisikoki zelan sentitzen zara denboraldia hastekotan dagoen honetan?
Ondo. Fisikoki ondo nago, baina lesio batzuk daroadaz tatarrez. Horregatik ez balitz, ezinhobeto nago: bai pisu aldetik eta bai forma aldetik, nahikoa ondo nago.
Zeintzuk lesio dira horiek?
Irailetik daukat hanka azpian mina. Oraindik horrekin jarraitzen dut. Hori pixka bat leundu zait, baina horrek tibian eta soleoan eragiten dit pixka bat, mina igo egiten zait, zabaldu. Gauza bat ez bada, beste bat da. Nik astakeriak egiten jarraitzea erabaki dut, eta aguantatu egin beharko naiz.
Oihana Kortazar, Argentinan saltaka egiten
Aurreko urteetako podiumak ikusita, bertigorik ematen dizu emaitz horiek berdintzeak daukan zailtasunak?
2011 izan zen, beharbada, urterik borobilena. 2012an munduko lasterketa bi bakarrik egin nituen, neure erabakiz, eta bi lasterketa egiteak munduko kopan ez puntuatzea suposatzen zuen. Horrekin zer esan nahi dut? 2011n lortu nuen munduko kopa irabaztea, eta 2012an ez nuen eduki hori barriro egiteko gogoa. Ez daukat urtero-urtero munduko hitza daukan titulua lortzeko irrika hori.
Aurten ere ez?
Aurten bai. Munduko Kopako lau proba egingo ditut, gutxienekoak lau dira puntuatzeko. Munduko Kopa irabazi nahi dut aurten. Eta Europako Txapelketa ere irabazi egin nahi dut berriz. Bi urtetik behin egiten da, eta orain dela bi urte irabazi egin nuen.
Azken batean, danak nahi dituzu irabazi…
Bai. Danak nahi ditugu ondo egin. Parte hartzen dudan proba guztiak irabazi nahi ditut. Irailean Trasalpine Run egingo dut. Zortzi etapa dira, bikoteka egingo dut Italiako taldeko beste neska batekin, Silvia Serafinirekin. Mixto be egin daiteke, gizonezko batekin. Edozelan ere, proba oso polita da, eta bukatzeagatik bakarrik merezi du egitea. Alpeak zortzi etapatan gurutzatzea hain polita izango da… Ez da erraza izango irabaztea. Alderantziz, zaila izango da. Biok ailegatu behar gara zortzi egunetan helmugara, eta ondo. Emaitza ez da egongo bakarrik nire esku.
Zortzi etapak jarraiak izango dira?
Bai. Abuztuaren 31tik irailaren 7ra egingo da. Egun asko dira, eta holako momentuetan zeure txarrena ateratzen duzu. Ondoan beste batekin zoazenean…
Bidelaguna ondo ezagutzen duzu?
Ezagutzen dut, baina ez dugu asko-asko topo egin. Bera Italiakoa da, eta nire taldekidea da, baina taldekidea izan arren ere, denboraldi oso batean ez dugu hainbestetan bat egiten. Ez ditugu lasterketa berdinak egiten. Noiz edo noiz, baina, bai, topo egin izan dugu.
Lasterketa hori batera egiteko, baina, beharrezkoa izango da ondo konpontzea.
Badakit neska jatorra dela, eta izaeraz be antzerakoak gara. Baina ez da erraza izango. Bakarrik zoazenean zeure burua gobernatzearekin nahikoa daukazu. Baina bi izanda… Handicap handiena hor lasterketan hori izango da: batzuetan esan dezakezu, «nik gehiago egin ahal dut, baina berak ez», eta orduan bere aldamenean geratu behar zara, eta alderantziz. Gogo handia daukat egiteko.
Kortazar, lasterketa baten helmugaratzen
Entrenamendu ordu asko eta asko sartu behar dira goi mailan egoteko. Non egiten dituzu orain saioak?
Lanik ez daukadanez, mendia egin behar dudanean, mugitu egiten naiz. Mutrikun, adibidez, Arnon arbolak bota dituztenetik, oso gaizki dago joateko. Lokatsa dago, eta lokatsetan entrenatu behar da, baina beti lokats artean joan behar izatea be… ez duzu ganoraz entrenatzen. Elgetarra izanda, han askoz aukera gehiago dauzkat. Behin Elgetara joanda, gertu geratzen zait Udalaitz aldera edo Aizkorrira joatea. Handik ibiltzen naiz.
Eta errepidean?
Asfaltoa egin behar badut, hamen ingurutik ibiltzen naiz, Mutrikutik urten eta Askartzara, eta buelta, eta Mutrikutik urten eta Sasiolara buelta. Eta bizikletan be ibiltzen naiz.