Udaran sorosle lana egin ahal izateko ikastaroen deialdia egin du Gurutze Gorriak. Guztira lau ikastaro antolatu dituzte, eta guztiak Deban izango dira.
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, sorosle izateko derrigorrezkoa da zenbait ikastaro eginak edukitzea. Oinarri-oinarrizkoa Lehen Sorospenak ikastaroa da. Bigarrena egin nahi den lan motaren arabera aukeratu daiteke. Aukerak hauek dira: Uretako Sorospena eta Hondartzetarako Modulu Zehatza edo Osasun-Garraioko Laguntzailea.
“Oraindik erabakitzeke dago nork eskainiko duen hondartzetako zaintza zerbitzua. Dena delako
izanda ere, Udalak lortu nahi du sorosleak herritarrak izatea”, adierazi du Joxean
Agirregomezkorta gobernazio zinegotziak. “Ahal den neurrian, herritarrei lehentasuna
emateko bideak jarriko ditugu”.

Udako lanpostu horietarako ikastaroak otsailean hasiko dira. Lehengo Sorospenak izango da
martxan jarriko den lehen ikastaroa. Otsaileko bi asteburu (15-16 eta 22-23) eta martxoko
beste bi (1-2 eta 8-9) hartuko ditu. Barikutan klaseak 18:00etatik 21:00etara izango dira, eta
zapatutan, 08:00etatik 14:00etara.
Horri lotuta, hondartzan lan egin nahi duten guztiek Uretako Sorospena eta Hondartzetarako
Modulu Zehatza ikastaroa egin beharko dute. Ikastaro hori martxoaren 28an hasiko da, eta 11
saiok osatzen dute. Ordutegia 09:00etatik 14.00etara izango da. Ikastaro honetara sartu ahal
izateko, ordea, proba bat pasa beharko dute interesa dutenek, eta proba hori martxoaren 22an
izango da.
Udan lan egiteko beste aukera, Osasun-Garraioko Laguntzailea ikastaroa egitea da. Ikastaro
hori, apirilaren 12an hasiko da eta ekainera arte barikuero izango dira saioak, 18:00etatik
21:00etara.
Azken ikastaroa desfribiladore automatikoari buruzko ikastaroa da. Gurutze Gorritik adierazi
dutenez, udaran lan egiteko hau ere eginda eduki behar da, baina lehen sorospenak eta aurrez
aipatutako bi ikastaroetako bat eginez gero, azken hau doan egiteko aukera ematen diete
sosrosle gaiei.
Informazio gehiago lortu nahi dutenek edota izena eman nahi dutenek honako bide hauek
dituzte: 943-19 10 32 telefonora deitu edota deba@cruzroja.org helbidera idatzi.