Lekitto Bedarraren asanblea egongo da gaur, 18:30ean; batzorde taldearen aurkezpena, aurrera begirako ikastaroak, Usotegi parkearen hitzarmena… landuko dituzte.
Lekeition dagoen ortularien tradizioa mantendu eta sustatzeko asmoarekin sortutako elkartea da Lekitto Bedarra. Urriaren 12an eman zituen bere lehenengo urratsak. Egun hartan, 19:00etan jarri zuten hitzordua, eta ordurako kultur etxean eskatutako bi gelak jendez gainezka zeuden.
Formatu berezian prestatutako batzarretik pozik eta indarberrituta atera direla azaldu du Julian Arrate Lekitto Bedarra elkarteko kideak. «Bakoitzari elkartea zer izatea nahi duen galdetu genion, buruan zeukana botatzeko», esan du Arratek.
Batzar horren bukaeran taldea koordinatzeko lantalde bat osatzeko beharraren inguruan be egin zuten berba. Horretarako prestatutasuna eskaini dutenekin osatu dute batzorde taldea deritzona. «Prest zegoenari batzarraren ostean geratzeko eskatu genion, inor gelditu ezean elkartearen proiektua bertan behera geratuko zela azalduz. Gure harridurarako, hamabost laguneko lantaldea osatu genuen koordinazio beharrak egiteko», adierazi du batzordeko kideak.
Ikuspuntu ekologikotik egindako formazioari garrantzia berezia ematen dio elkarte berriak. Hori dela eta, otsailaren 16rako antolatu dute lehenengo ikastaroa. 10:00etatik 13:00etara inusketa ikastaroa egingo dute. Ikastaroan parte hartzen dutenek Santa Rita parkean dauden zuhaitzen inausketarekin ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute.

Lekitto Bedarra osatzen duten kideak
Dinamika horrekin jarraitzeko, hurrengo formakuntzarako zita be ipinita dauka Lekitto Bedarrak. Izan be, martxoaren 14an Jakoba Errekondoren hitzaldia antolatu dute. Bi jarduera horiek ekimen sorta baten hasiera izatea gura dute elkarteko kideek. «Hilero modu honetako ekintzak antolatu nahi ditugu, batez ere jendeari formazioa emateko eta kontzientzian eragiteko», esan du Arratek.
Taldeak beregain hartu duen beste erronka bat herrian dauden ortu hutsak identifikatzea eta ahal duten neurrian erabilera ematea da. «Arlo honetan zorte handia izan dugu. Lurjabe batekin harremanetan jarri gara, eta 11.000 metro koadro eskaini dizkigu», azaldu du Arratek. Harekin hizketan ari dira oraindik, baina hasierako asmoa albo batera utzita dauzkan lurrak elkarteak kudea ditzala dela argitu du Arratek. «Jabeak bere lurrak ez ditu norbanako bakar baten eskuetan utzi nahi; hori dela eta, elkarteak kudeatzea aukera ona izan daitekeela pentsatzen du», esan du.
Epe zehatz baterako
Eskeinitako aukera berri horren aurrean, aurretik horrelako proiektu baten inguruan interesa duten pertsona kopurua ezagutu eta aztertu behar dutela argitu du elkarteko kideak. «Lehenengo horrelako ekintza batean parte hartzeko prest egongo den jende kopurua zehaztu behar dugu, eta gero, kudeaketarako arauak jarri. Inork ez baditu lur horiek erabiliko, ez ditugu eskuratuko; ez luke zentzurik izango».
Erabiltzen ez diren lur eremuen gaiari lotuta, Lekitto Bedarrak deia luzatu gura die ortu hutsak dituzten herritarrei. Lur horiek epe konkretu baterako elkartearen esku utziz gero, lursailari bizia eman eta lur eremua izateko aukerarik ez duenari lurra lantzeko aukera ematen diolako. «Denbora tarte bat igarota, jabeak lurra berreskuratu gura izanez gero, ez litzateke arazorik egongo, baina bitartean erabilera eman zaio, eta guk horri garrantzia handia ematen diogu», azaldu du elkarteko kideak.
Elkarteak burutuko duen lan guztia auzolan erara egitea proposatzen du Lekitto Bedarrak. Bide horretan, Auzolan bidearen urteurrenaren antolakuntzan parte hartu zuen elkarteak, eta aurrerantzean be antzeko ekimenetan parte hartuko dutela esan dute. «Udala Santa Ritako parkea auzolanaren bidez berreskuratu nahian dabilela jakin dugu, eta zeregin horretan Lekitto Bedarrak bere bultzada emango du».
Lekitto Bedarraren bigarren asanblea gaur bertan egingo dute, 18:30ean, kultur etxean. Bigarren deialdi horretan hainbat gai landuko dituzte Azkue aretora doazenek. Besteak beste, Lekitto Bedarraren batzorde taldearen aurkezpena, Usotegi parkean udalarekin egingo duten hitzarmena, aurrera begira antolatuko dituzten ikastaro eta hitzaldiak, ortu hutsen identifikazioa, auzolan ekintzak eta bazkidetzaren inguruko gorabeherak izango dituzte hizpide.
Horrez gain, elkartearen inguruan jendeak duen iritzia ezagutzeko inkesta bat prestatu dute elkartekideek gaurko asanbleari begira. Batzarretara doazen guztien iritzia jakin nahi du Lekitto Bedarrak, eta horretarako, inkesta lagungarria izango dela pentsatzen dute.
Usotegi parkea elkartearen erabilerarako uzteko aukera aztertzen ari dira udalagaz
Ikastaroak eta ortugintza bultzatzeko lur zati baten beharra daukala ikusita, bazkideen eta udalaren artean kudeatuko luketen lur zati bat eskatu dio udalari Lekitto Bedarrak.
Hasiera batean Santa Rita eraikinaren inguruan dauden lursailak erabiltzea proposatu zuen Lekitto Bedarra elkarteak, baina udalak bereak diren lursailak aztertu ostean, Usotegiren aldeko apustua egin du. Ingurumen batzordean behin baino gehiagotan aztertu dute Usotegi parkea berrindartzeko dagoen beharra, eta ekimen horrekin dinamika berriak sortuko direla espero du udalak. Beste gauza askoren artean, ortu berri horren erabileragaz parkeari bizitasuna eman gura dio Lekeitioko Udalak.
Halanda be, aukeratutako lur eremua publikoa izanda, ondo aztertu beharreko gaia dela adierazi du tokiko erakundeak. Hori dela eta, Garapen eta Ingurumen Batzordean eta ondare lantaldean aztertu dute gaia. Modu horretan, zehaztuko duten hitzarmena batzorde eta talde ezberdinetako partaideen artean zehaztutakoa izango da. Gaur egun hitzarmena zehazten ari da, eta lan hori amaitzean bilduko da elkarteko kideekin.