Abenduaren 18an, behin betiko izaeraragaz, Espainiako bandera jartzeko sententzia jaso zuen Lekeitioko Udalak. Sententziaren arabera, bi hilabeteko epean, lehentasunez eta iraunkorki bandera udaletxeko balkoian jarri behar dela agertzen da. Agindua onartu ezean, ordezkari politikoak gaitasunik gabe geratuko lirateke.

Lekeitioko udaleko ordezkari politikoak, barikuan, osoko bilkuran.
Horren aurrean, Lekeitioko Bilduk, sententzia “inposizioa” dela esateko eta Espainiako banderak ez dituztela ordezkatzen adierazteko mozioa onartu du.
Bilduk, momentuz, bandera ipintzea onartu du. Eta horren barri emon zuen barikuan egindako osoko bilkuran. Horretaz gain, ikurrinaren aldeko mozioa be onartu zen, Bilduren bozkekin. Udalbatzan batu ziren herritarrak eta ordezkari politikoak. Eta jendartetik, “Bildu españolen morroi” entzun zen.
Besteak beste,
Bilduk onartutako mozioan ondoko puntuak aipatu dituzte:
- Inposaketa honen gaineko ezadostasuna osoa.
- Erabaki hau Euskal Herriaren gehiengoak etorkizun libre eta demokratiko bat eraikitzeko duen nahiaren aurka doala.
- Espainiar banderak ez duela inoiz herri hau ordezkatu.
- Espainiar gobernuari, PSOE eta PPri lekeitiar gehiengoaren nahia errespetatzera deia luzatzea, gure sinbolo eta identitate ikurrak modu librean aukeratu ahal izateko.
- Lekeitiar herritar, alderdi politiko, talde edo eragile guztiei deia zabaltzea, inposaketa honen aurreko adierazpenetan parte har dezaten. Era berean, datorren hilaren 24an egingo den herri ekimenean parte hartzeko gonbidapena luzatu.
- Espainiar Gobernuaren delegaziora gutun bat helaraziko dela, lekeitiar udalbatzaren izenean epai honekiko desadostasuna adierazten.
- Mozio honen edukia komunikabideetara zabalduko dela eta bando lez herritarrei helarazi.
- Lekeitioko udaletxearen balkoi nagusian “Inposaketarik ez, geurea ikurrina” mezuarekin pankarta bat jartzea.
- Ikurrinaren presentzia bermatzea udaletxearen esku dauden espazioetan.
Horren aurrean,
EAJk beste idatzi bat aurkeztu zuen.