Aiert Goenagak Euskadi Irratiako Faktoria saioan hitz egin du. Besteak beste, Gerediaga Elkarteak auzia
“eraso pertsonal” batekin itxi nahi izan duela esan du. “Mamu antzeko bat ipini dute nire gainean; eraso pertsonal batekin itxi nahi dute auzia. Ni ez naiz nire eginkizunetatik haratago joan. Egin behar nuena egin dut. Egindakoagaz harro nago eta emaitzak hor daude”.
Bide beretik,
Gerediaga Elkartearentzat errazena berak zintzo ez duela jokatu esatea izan dela esan du. “Nire gain betirako zalantza hori utzi dute. Horren aurrean, nik bakarrik gauza bakarra esango dut: dena da gezurra. Gerediaga Elkartea gezurretan dabil”.
Kontzientzia lasai daukala be gaineratu du. ” Ez dut Gerediaga Elkartearen aurka egingo, egitasmoa, bai Durangoko Azoka eta baita Gerediaga Elkartea bera ere, guzti honen gainetik daude. Nire helburua da Durangoko Azokari minik ez ematea. Guzti honetatik Azokak indartuta atera behar du. Orain proiektua indartu behar da”.
Kaleratzearen benetako arrazoiak zeintzuk izan diren be esan du Goenagak. “Kaleratu egingo nindutela esateko deitu zidatenean, etxe barrurako lanak ez nituela ondo egin eta niregan konfidantza galdu zutela esan zidaten”. Bada, orain, Gerediagak arrazoi ekonomikoak be argudiatu ditu komunikabideen aurrean. “Iritzi publikoaren aurrean zaila da kaleratzea arrazoitzea. Inoiz baino bultzada handiago eman diogu Azokari eta egindakoagaz harro nago. Diru gutxiagogaz gauza gehiago egin ditugu eta”.
Zalaparta guzti honek euskal kulturgintzari ez diola mesede egingo be aitortu du Goenagak. “Ez dago atzera bueltarik. Ikuspuntu ezberdinak ditugu eta iritzi bateratu bat emateko deitu zidaten atzo (eguaztena). Baina ezetz esan nien. Eta horren aurrean eraso pertsonal batekin itxi nahi izan dute auzia. Orokorran, Gerediaga Elkartean boterekeria egon da”.