Herri Batasuneko kide zen Santi Brouard lekeitiarraren hilketa argitu dezaketen transkripzioak aurkeztu ditu Jose Amedo GALeko kide eta polizia ohiak epaitegian. Vocento taldeak emon du albistea eta, iturri horren arabera, hiru grabazioren transkripzioak aurkeztu ditu Amedok epailearen aurrean. Horietako batean, Morcillok zuzenean azaltzen omen du berak tirokatu zuela Brouard. Vocentok kaleratutakoaren arabera beti be, Herri Batasuneko kideari bularrean lau tiro eman zizkiola azaltzen du enpresariak. Halaber, Morcillok garai hartan Estatuko Segurtasun zuzendari zen Julian Sancristobal jotzen du erruduntzat grabazio horren transkripzioan, hasieratik hark antolatutako atentatua izan zelako.
Miren Agur Meabe, Brouarden omene egindako ekitaldian, Lekeiton
Brouard sendiaren abokatuak, halaber, ez du epaitegian transkripzio horiek aurkeztu dituztelaren berri. Edurne Brouardek azaldu duenez, «posible da egia izatea, baina guk Amedori ez diogu inolako sinesgarritasunik ematen». Grabazioak existitzen direnik ez du ukatu Brouardek, ezta han kontatzen dena egiazkoa denik be. «1984. urtetik mantentzen dugun tesia da Santi Brouard Morcillok berak hil zuela, ez dugu dudarik berak tirokatu zuela, ezta ere Amedo bera be atentatuaren parte izan zela». Dena den, GALeko kidearenganako zalantza asko dituztela esan du: «Hogeita zortzi hauetan sekulako gezurrak bota ditu, baina egia borobilak be esan izan ditu. Den-denak, baina, bere interes pertsonalengatik esan ditu, ez justiziaren edo egiaren bila dabilelako».
1984tik defendatu duten tesia
Hilabeteak dira transkripzio horiek epaitegian direla, eta epaileak horiek aztertzeko erabakia hartu du asteon, tramitera eroan ala ez erabakitzeko. Amedok aurkeztutako frogak onartu eta ikerketa hastea erabakiko balu, transkripzio horien grabazioak aurkezteko prest agertu da GALeko kidea.
Epaileak ikerketa hasiz gero, familia hor egongo dela esan du Edurne Brouardek, «1984ko azaroaren 20 hartaz geroztik defendatu izan dugunari eusteko. Azken muturreraino eroan gura dugu ikerketa, baina epaile batek erabaki beharko du aurrera egitea, eta ez Amedok berak».
Mesfidati
Epaitegian aurkeztutako grabazio horiek 2011. urtekoak direla zabaldu du Vocento taldeak. Horregatik, mesfidati agertu da Santi Brouarden familia. «Zergatik emoten dute orain informazio horren berri?». Beraien susmoak badituztela aitortu du Herri Batasuneko kide zenaren alabak: «Baliteke Jose Amedok dirua behar izatea eta, azken 28 urte hauetan egin duen modura eta formula bardinak errepikatuz, informazio bat zabaltzea dirua lortzeko. Agian gaur egun Estatuak ez dio zuzenenan ordainduko garai batean diru bereiziekin egiten zuten bezala. Dena den, telebista kateetako platoetara joateko zalaparta sortzea izan daiteke bere helburua».
Gaur egun Espainiak bizi duen egoerak be zerikusia izan dezakeela uste dute. «Baliteke PPren trikimailua izatea, atentzioa PSOErengana desbideratzeko eta azken egunotan kaleratu izan diren Gurtel eta Barcenas bezalako kasuak albo batera izteko». Era berean, Amedok berak protagonismoa bilatzea be posible dela uste du Edurne Brouardek. Edozein kasutan, argi dute ez direla Amedoren jokoan sartuko, eta epailearen erabakiaren zain geratuko dira.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.