Bertoko eskiatzaileek parte hartuko dute asteburuan Izaban jokatuko den mendiko eskiko II. Antxon Bandres memorialean. Euskal Herriko txapelketa da Bandresen izena hartzen duen lehiaketa, eta koparako puntuagarria zaie eskalatzaileei.
Bertotik mendiko bost eskiatzaile joango dira: Nahia Quincoces mendexarra, Asier Etxebarria, Iñaki Santiso eta Xabier Urkizu ondarrutarrak, eta Jose Luis Del Val ibarrangeluarra.
Ibilbide bi egongo dira: luzea eta herritarra, denek parte hartzeko modukoa.
Txapelketa hasieran Aretten jokatzekoa zen, baina edurrarengatik Izabara aldatu behar izan dute.
Antxon Bandres memorialaren bigarren edizioa da aurtengoa. «Orain urte eta erdi hil zen Bandres, eta haren omenez egiten da lasterketa», adierazi du Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarrak.
Iazko urtean giro «polit-polita» egon zela dio Quincocesek, eta jendea animatu nahi du bertan parte hartzera.
Polita izateaz gain, Euskal Herrian jokatzen den bakarra dela azpimarratu du mendexarrak. Horregatik be «berezia» dela aitatu du.