Izaban jokatu dira asteburuan Euskal Herriko mendiko eski txapelketa eta Antxon Bandres memoriala. Nahia Quincoces mendexarrak hirugarren postua lortu du Euskal Herriko mendiko eski txapelketan. Kronoigoeran, ostera, laugarren egin du. Lasterketa biek batuta osatzen dute aurten bigarrenez antolatu den Antxon Bandres memoriala. Horretan, hirugarren sailkatu da mendexarra.
Txapelketak Izaban (Nafarroa) jokatu dira eta Lea-Artibai eta Busturialdetik bost mendi eskiatzaile joan dira bertara: Nahia Quincoces mendexarra, Asier Etxebarria, Iñaki Santiso eta Xabier Urkizu ondarrutarrak eta Jose Luis Del Val ibarrangelutarra.
Bandresen izena daroan txapelketa Euskal Herriko kopako puntuagarria da. Momentuz lasterketa bi jokatu dira kopan, eta beste bi geratzen dira amaitzeko. Hurrengoa asteburuan izango da. Nahia Quincoces goi-goian dago kopako sailkapenean be, hirugarren postuan.
Nahia Quincocesek adierazi duenez, «gustora-gustora» egin du buelta Izabatik. «Euskal Herrian bertan jokatu da txapelketa, eguraldi ona egin du eta oso ondo joan zaigu dana» esan du mendexarrak.