Luze joan da gaur Ibon Iparragirre eta Asier Badiola ondarrutarren kontrako epaiketaren bigarren eta azkan auzi saioa Madrilen.
Fiskaltzak euren kontrako kartzela zigor eskaria mantendu du, eta hartara, 200 urtetik gorako kartzela zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat. Horietatik 40 bete ahalko lukete espetxean. Defentsa
abokatuak, bere aldetik, absoluzioa eskatu du bientzat, egindako deklarazio bakarrak “torturapean” egindakoak direla gogoratuta. Badiolaren kasuan, zergatik absolbitu beharko luketen jaso du abokatuak txostenean; Iparragirreren kasuan, abokatuak ez du txostenik aurkeztu, auzipetuak berak horrela eskatuta.
Epeak betez gero, lau asteren barruan emongo dute epaia ezagutzera. Errekurtsoa aurkezteko aukera egongo da.
Parisko auzipetuek epaileari bizkarra emon diote, baldintzak bete ez direlako
Bestalde, Aitzol Etxaburu eta beste bederatzi lagunen kontrako epaiketaren bigarren auzi saioa egin da gaur Parisen.
Baldintzarik bete ez dela eta, epaileri bizkarra emon diote auzipetuek, salaketa modura. Aitzol Etxaburu auzipetuaren senideek jakitera emon dutenez, senideek epaiketa egunetan presoei ogitartekoa sartzeko baimena eskatu zuten. Epaileak onartu egin zuen, baina, azken unean, Jendarmeek ez zuten eskaera onartu.
Gaurko saioan, oinarrizko baldintza batzuk betetzeko eskatu dute auzipetuek: senideek eroandako ogitartekoa jasotzea, eskuburdinak aurreko aldean ipintzea, Euskal Herritik Parisera joandako senide eta lagunak agurtu ahal izatea eta saio bakoitzaren amaieran espetxerako trasladoa ahalik eta azkarrena izatea. Izan be, atzo 17:00etan amaitu zen epaiketa, eta 20.00etan, oraindik, auzitegian zeudela adierazi dute senideek.
Epaileak atsedena egin du, eta bueltan, baldintzak bete ez direla ikusita, tribunalari bizkar emonda egon dira auzipetuak.
Epaileak saioa etetea erabaki du. Senideek azaldu dutenez, bultzaka atera zituzten aretotik.