Irisgarritasun berdiagnostikoa egin eta hobekuntza plana garatu ostean, zigilu berria lortu du Lekeitioko Turismo bulegoak.
Ekimena irisgarritasun premiak dituzten pertsonentzako establezimendu turistikoetan kalitatezko zerbitzu turistiko seguru eta erosoa emateko premiatik sortu zen. «Pertsona oro desberdinak gara, batzuk gurpil aulki baten laguntza behar dute, besteak motel ibiltzen dira, adimen urritasuna daukate…», azaldu dute arduradunek. «Egitarauan, establezimendu turistikoek bete beharreko irizpideak zehazten dira», gaineratu dute.
Zigilua programa bati lotuta dator: Irisgarritasun Turistikoaren Euskal Programa. Horren helburua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerbitzu turistikoaren kalitatea hobetzea da. «Eredu aurreratu baten bidez, pertsona guztientzako konfort handiko kontzeptu batean oinarritutakoa da programa», adierazi dute.
Zigilua lortzeko hainbat pauso eman behar izan dira aurretik. Lehenengo formazio bat egiten da. Ostean, establezimenduaren diagnostikoa egiten da, eta baloratu egiten da zerbitzua pertsona denentzako prestatuta dagoen ala ez. Dibertsitate funtzionaleko bost mota kontuan h artzen dira horretarako: fisikoa, bisuala, auditiboa, intelektuala eta organikoa.
Hori den hori aztertu ostean, hiru sailkapen sortzen dira establezimenduen artean: gorria, laranja eta berdea. Berdeekin lortzen da zigilua eskuratzea.
Lekeitioko Udalak irisgarritasuna bermatzea garrantzitsutzat jo du, eta horretarako beharrean jarraituko duela adierazi du aurrera begira be.