Hirurogei eta hamabost untza eta metro bat. Marka hori eginda lortu du Hernaniko Zerainek Ispasterko XVIII. Kintxopeko Zaldi-Mando probetan nagusitzea. Bederatzi parte hartzaile eta kanporaketa bat, Aulestiko Ilunzar tabernarena. Emaitza horiekin bukatu dituzte asteburuko zaldi-mando probak, Ispasterren.

Jende ugari bildu du hiru egunetan herriko probalekuak; batez be, igandean, jendez gainezka egon den horretan. Barikuan hasi zituzten probok Zerainek (Hernani), Giñerri Elkarteak (Amallo) eta Motrollok (Munitibar). Lehenengo egunean jarri zuen marka Hernanikoak, eta azkenean be, ezin izan zuen beste inork marka hori hautsi.
Lehen postua Gipuzkoara eroan bazuten be, bigarrena eta hirugarrena Lea-Artibain geratu ziren; izan be, metro baten faltan, Amalloko (Markina-Xemein) zaldiak bigarren egin zuen, «oso saio ona» eginda, eta Munitibarkoak, ostera, hirugarren.