Markina-Xemeingo Udalak daukan dirua ezin gastatu izana salatu du herritarrei bidalitako ohar batean. Izan be, iaz milioi erditik gorako superabita eduki zuen Udalak, baina Madriletik (Espainia) etorritako lege batek mugak jarri dizkie udalei daukaten dirua nahi duten moduan kudeatzeko.
Horrek eragina edukiko du Udalak egin nahi dituen inbertsioetan, tartean Barroetako zubia egitean.
Alde batetik, dirua 2007an Udalak eskatutako mailegu bat amortizatzeko erabiltzera behartzen du Udala legeak. «Baldintza onak baino hobeagoak dituen mailegu bat amortizatu eragin nahi digute, eta zertarako? Bankuei diru gehiago emoteko», diote.
Bestetik, mailegurik eduki ez balute be, muga bat jarri diete udalei Madrilek. Udalaren iazko aurrekontu osoa gehi 1,7 erabili ahal izango dute bakarrik. «Ez digute gastatzen uzten eta, ondorioz, ekonomia suspertzea eragozten digute», salatu dute.
Markina-Xemeingo Udalak adierazi duenez, «eskuak lotuta eduki arren herriko egoera ekonomikoa ona da».
Udalak iazko urterako zeukan aurreikusita Barroetako zubiaren beharrekin hastea. Baina ezin izan zuen, Uraren Euskal Agentziaren (URA) baimena falta zelako. Oraindik ez du Udalak baimen hori jaso. Aurten jasotzea espero duten arren, oraingoan, lehen aipatutako legearen mugagaz topatuko da Udala.
Zubia egitearen kostu osoa 1.300.000 eurokoa da. Bizkaiko Foru Aldundiak 550.000 euroko diru laguntza bat emon du horretarako. Ondorioz, Udalak 750.000 euro ipini beharko lituzke. «Legeak eragozpenik ipiniko ez balu nahikoa eta sobera litzateke zubia aurtengo urtean egiteko», diote udaletik. Baina superabita zorra amortizatzeko erabili behar denez, eta ezin denez iaz baino 1,7tik gora gastatu, mugak ditu Udalak aurrera egiteko.
Halan eta be, Udalak zubia egiteko «konpromisoa» duenez irtenbidea bilatzen saiatzen ari direla adierazi du.
Markina-Xemeingo Udalak adierazi duenez, Madrildik etorritako legea bete ezean «udalak desegiteko» mehatxua daukate. «Inoizko gogorrak dira mugak eta bete ezean datozen ondorioak», gaineratu dute.