Etxebarriko Udalak onartu ditu 2013 urterako aurrekontuak. 1.218.000 eurotan zarratu du urteko aurrekontua. EAJren aldeko botoekin eta Bilduren abstentsioagaz onartu da.
Aurrekontuen gastuetatik, 300.793 euro izango dira Udalak inbertsioetarako edukiko dituenak. Diru horregaz, hainbat proiektu egin nahi ditu Udalak.
Inbertsiorik handiena Iturretako bidegurutzera bideratuko dute, 139.000 euro.
Egingo duten beste inbertsio bat Galartza auzoan egingo da. Hango bost-sei baserritako saneamendua jarri nahi du Udalak. Horretan 110.000 euro inbertituko dituzte.
Galartzako industrialdean argiteria jarri nahi du Udalak. Horretarako 83.000 euro behar dira eta Agenda 21 programatik jaso nahi dute diru laguntza. «Dirurik ez badator ezingo dugu proiektua aurrera eroan», dio alkateak.
Beste inbertsio batzuk be egingo ditu Udalak: bide gorriko panelak jarri, baserri bideak konpondu eta abar. Tartean Plan Orokorra egiteko aurretiaz egin beharreko azterketen kostua be aurrikusita dauka Udalak.
Arlo danetako diru laguntzak mantendu egin dituzte, ez da murrizketarik egon.
Etxebarriko alkateak Jesus Iriondok adierazi duenez, izatez Etxebarrian badago dirua, baina Madrildik (Espainia) etorritako lege batek ez du lagatzen gastatzen. «Iazkotik 1,7a bakarrik gastatu dezakegu, hor dago muga», dio. «Hortik gora ezin dugu gastatu», gaineratu du. Lege horrek Udala mugatu egiten du inbertsio berriak egiterako orduan.
2012rako hainbat proiektu zeuzkan aurrikusita Etxebarriko Udalak eta ia denak amaituta daudela adierazi du Iriondo alkateak. «Iturretako bidegurutzea falta da bakarrik, eta aurten amaituko dela aurreikusten dugu», dio alkateak.
Iaz aurreikusitako beste sei proiektuak amaitutzat jo ditu Udalak. Aurten be aurreikusitakoak egin ahal izatea espero dute.