Zinegotzi ohiek eta herritarrek ikurrinaren aldeko manifestazioarako deia egin diete lekeitiarrei hurrengo domekarako. 13:00etan hasiko da ekimena, udaletxeko eskaileretatik.
Lekeitioko Udalak Espainiako bandera jartzeko agindua jaso du, eta horren aurrean dei egin dute mobilizatzera.
Hilaren 10ean batu ziren deitzaileak udaletxe aurrean manifestua irakurri eta deialdia egiteko. 43 zinegotzi ohi eta hainbat herritar bildu ziren han, dei zabala egiteko.
Manifestuan azken aldian «gobernu espainiarra euskal nortasunaren ikur nagusienetakoa den ikurrina erasotzen» ari dela salatu zuten.
Era berean, Lekeitioko Udalak osoko bilkuran mozioa onartu zuela gogorarazi zuten. Mozio horretan, «espainiar banderak ez duela sekula gure herria ordezkatuko» azaltzen zen. Manifestuan nabarmendu zutenez, zinegotzi ohi «gehienek» eman zioten atxikimendua mozioari.
Domekako manifestazioan inposaketaren kontrako ikurrak eskuetan eroateko deia egin dute deitzaileek.
Horretaz gain, aurreko egunetan eta batez be domekan bertan etxe eta elkarteetan ikurrina jartzeko deia egin dute.