197/2006 doktrina berta behera lagatzeko eskatu dute Ondarroako eta Lekeitioko udalek. Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz onartu da mozioa Ondarroan; Lekeition alderdi bien aldeko botoa jaso du eskariak.
Mozioan jaso denez, 2012ko uztailean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak, aho batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi ondoren, berau bertan behera uzteko eskatzen dute udalek. «Ondorioz eta nazioarteko giza eskubideen legeria aplikatuz, 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso guztiak berehalakoan aske uzteko eskatzen dugu».
Euskal Herrian bizi den itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uzteko eskatzen dute udal gobernu biek. Ebazpen horren berri herritarrei eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako Komisionatu Nils Muiznieks jaunari emotea erabaki da.
Isidro Garalde ondarrutarrak 197/2006 doktrina dauka aplikatuta. Joan den urrian bere arreba Antigua Garaldegaz eta Argia Ituarte alkateagaz batu ziren Herrirako ordezkariak Ondarroako udaletxean, gaixo dauden presoen herrietako alkateekin nazio mailako batzordea osatzeko.