Esfortzua, asebetetzea, nekea eta momentu onak. Denetik dauka atletismoak; eta, batez be, badauka erakargarri egiten duen zerbait, gero eta jende gehiagok jotzen baitu kirol horretara.
Markina-Xemeingo Atletismo Taldean gaztetxo mordoa ari da entrenatzen, 60tik gora. Talde txiki bategaz hasi zena gero eta familia handiagoa ari da bihurtzen. Guraso batzuk hasi ziren taldeagaz, eta oraindik batzuek jarraitzen dute. «Ni hasi nintzenean, bost neska baino ez zeuden taldean», azaldu du Agurtzane Lakak. «Orduan ez nekien fitxak zelan betetzen ziren be», dio. Baina hazten eta hazten joan, eta behar ederra egiten ari dira. Orain, Agurtzane Lakaz gain, Gabi Telleria, Jose Luis Mugartegi eta Felix Larrinaga be dabiltza gaztetxoak entrenatzen eta kirol horretara hurreratzeko ahalegina egiten.
Kategorien arabera, hurrengoak dira atleta kopuruak: aurrebenjaminetan 29 lagun ari dira entrenatzen; benjaminetan hogei; eta alebinetan eta gazteetan hamahiru. Txikienek 6 urte dauzkate, eta nagusienek 14. Hortik gorakoak federatu egin behar izaten dira, eta beste klub batzuetara joan. «Markina-Xemeingo Atletismo Taldetik Durangora edo Lekeitiora joaten dira atletak», adierazi dute entrenatzaileek.

Aurrebenjaminetan dago ume gehien, eta hori beste kirolek daukaten eragina omen da. «Maila batetik aurrera futbolera jotzen dute denek, eta futbola bezalako kirol bati aurre egitea gaitza da», azaldu dute. Halanda be, gero eta jende gehiago dagoela eta «oso gustura» daudela diote entrenatzaileek.
Atletismoak hainbat proba barnebiltzen ditu. Markina-Xemeingo taldekoek hurrengoetan entrenatzen dute: pistan, krosean, hesien proban, luzera jauzian, pisuan, altuera jauzian, diskoan, xabalinan, mailu jaurtiketan… Denetik egiten dute gaztetxoek.
Lan saioak
Adinaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago entrenatzen dute gazteek. Txikienek astean ordubete egiten dute, barikuetan. Alebinek eta gazteek, ostera, astean bi egunetan entrenatzen dute, egun bakoitzean ordu eta erdi.
Txikiekin jolasen bidez egiten dute entrenamendua. Jolasak bai, baina entrenamendu espezifikoak egiten be hasten dira alebin mailan. «Pistan be adin horregaz hasten dira, eta horrek entrenamendu espezifikoak eskatzen ditu».
Atletismo taldeko entrenatzaileek adierazi dutenez, helburu desberdinekin ari da beharrean taldea, baina «lehenengo helburua ondo pasatzea da». Diotenez, «ondo pasatu barik, honek ez dauka zentzurik». Lehia baino gehiago, «laguntasuna eta denen artean ondo pasatzea» garrantzitsuagotzat jo dituzte.