Mutrikuko neskak, gora begira
Azkan garaipenagaz, datorren denboraldian Euskal Ligan jokatzetik hurbilago daude Mutriku FTko neska nagusiak: lehenengo hiru sailkatuak igoko dira goreneko maila horretara, eta Gipuzkoako taldeekin ez eze, Bizkaiko eta Arabako taldeekin jokatzeko aukera edukiko dute neskek. Hori lortzeko lanean ari dira denboraldia hasi zenetik. Eta liga amaitzeko sei partiduren faltan, esku-eskura daukate desiotako igoera.
Asteburua gainean, 17. jardunaldia jokatuko dute zapatuan. Aurkaria ez da talde erraza izango; alderantziz, sailkapen postuaren gorenean dagoen taldeak bisitatuko du San Miguel: Ostadarrek. Bi puntu gehiago ditu Lasarte-Oriako taldeak. Bien tartean, bigarren, eta puntuetan bardinduta, Elgoibar dago, talde sendoa. 33 puntu dauzkate biek.
Leire Rodrigez Mutriku FTko nagusien kapitainak esan duenez, “denboraldiaren amaieran Euskal Ligara igotzea da guztion ilusioa”.