Gizaburuagako Okamika industrialdearen etorkizuna oraindik ez dago argi; izan be, egun epaitegietan dago auzia. Industrialdearen akzionista nagusia den Sprilurrek kontseilurako deialdia egin zuen Mallabiako industrialdeak Okamikakoa hartuko zuela erabakitzeko. Kontseilu horretan ez zen Iker Belaustegi Lea Ibarra Amankomunazgoko presidentea izan; haren arabera, ez ziotelako garaiz abisatu. Horregatik, merkataritza-erregistroan salaketa jarri zuen.
“Kontseilari moduan ez ninduten denboraz abisatu; izan be, legearen arabera, 48 ordu lehenago abisatu beharra dago eta nire kasuan ez zen hala gertatu. Beranduago abisatu ninduten eta, hortaz, ezin izan nintzen kontseilura joan”, azaldu du Belaustegik. Horregatik, kontseilu horren kontra jardun du Belaustegik eta salaketa ipini du kontseilari moduan, Lea Ibarra osatzen duten bost herrien oneritziagaz. Hala, epaiketako lehenengo saioa hilaren 28an izango dute.
Bi industrialdeak bateratzean aurka ez dagoela adierazi du Amankomunazgoko presidenteak; dena den, ez dator bat aurrera eroan gura duten planteamenduagaz. “Euren artean zerikusirik ez daukaten industrialdeak” dira Okamikakoa eta Mallabiakoa, Belaustegiren ustetan; “ez geografikoki, ez maila filosofikoan ezta ekonomikoan be ez dute zerikusirik”. Horregatik, planteamendua “astokeri bat” dela deritzo. Gainera, akziodunek Amankomunazgoa bera eta berau osatzen duten udalak gutxiesten dituztela uste du: “uste dut gure iritzia be kontuan hartu beharko litzatekeela, behintzat”.
Belaustegik azaldu duenez, “txarto dabilen industrialdea ondo dabilenagaz batu gura dute, txarto dabilen handi bat sortzeko”. Hala, dioenez, erabaki horrek suposatuko luke Okamikako insutrialdeak Mallabiak daukan zorran parte hartzea. Era horretan, etorkizuneko inbertsio barriei begira gertatuko litzatekeenaren inguruan zalantza du Lea Ibarrako presidenteak. “Mallabiako zorra kendu arte inbertsio barririk ezingo genuke egin? Ez daukagu behar egiteko aukerarik?”, galde egiten du.
Beraz, Okamikako industrialdeagaz zer gertatuko den oraindik ez daki Belaustegik; argi duena da, industrialde biak bateratuz gero, “edozer gertatu daitekeela”, eta hartzen den erabakiak Lea Ibarran eragina izango duela; izan be, haren ustez, “Lea Ibarrak duen motor bakarra hipotekatuko l

ukete”.