Hamalau euskaltzain urgazle izendatu ditu Euskaltzaindiak, tartean, Patxi Juaristi markinarra eta Erramun Osa ondarrutarra.
Juaristi soziologian doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta hainbat ikerketa, artikulu eta liburu argitaratutakoa. Euskaltzaindiako Sustapen batzordeko kidea da.
Osa Euskaltzaindiaren idazkariordea da, 2011tik. Bizkaiko AEKko arduraduna izan zen, Ikastolen Konfederazioko hizkuntza arduradun eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazioko zuzendari. Elkarrek eta Elhuyarrek garaturiko euskal entziklopediaren prototipoaren egitasmoaren zuzendaria izan da. Osa Sustapen batzordeko idazkaria da.
Euskaltzaindiak aldiro izendatzen ditu euskaltzain urgazle berriak. Azkenak 2006ko maiatzean izendatu zituen.
Oraingoan Akademiaren batzorde akademikoetan beharrean ari diren pertsonak izendatu dira. Denak dira batzorde horietako kide 2005. urtetik, gitxienez. Juaristiz eta Osaz aparte, hurrengoak dira gaur izendatu dituztenak: Iñaki Aldekoa, Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, eta Iratxe Retolaza.
Gaur egun, Euskaltzaindiak 146 euskaltzain urgazle ditu.