Barikurako esperoten zuten arrantzaleek berdelaren kanpaina martxan hastea, baina gaur atera dira lehenengo itsasontziak berdeletara. arrastekoak. Etzi ingurusareko arrantzan ibiltzen direnen txanda izango da. Espainiako Arrantza Ministerioagaz izan duten negoziazioa uste baino gehiago luzatu delako abiatu da beranduago kanpaina. Eguenean eta barikuan egon ziren federazioak batzartuta Madrilen.
7.500 kilotan jarri dute eguneroko muga arrantzontzi bakoitzarentzat, arrasteko eran; ingurusarekoek 6.000 kilo berdel lehorreratu ahal izango dituzte egunero; eta beste eratara ibiltzen direnek 2.000 kilotan edukiko dute muga.
Antxoa eta hegaluzearenagaz batera, berdelarena da urteko kanpainarik garrantzitsuena euskal baxurako arrantzaleentzat. Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako Sailak jakinarazi duenez, berdel kopuru horiek ezartzea arrantza burutsu bategaz dago lotua. Merkatuari unean uneko gehiegizko arrantza eskaintzeak bultzatzen du mugak ezartzea, baita salneurri egokiak lortzea be.