Hala jakinarazi du Ana Oregi Ingurumen sailburuak, EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek egindako galdera bati emandako erantzunean. «Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikorako Bulegoak egindako txostenaren arabera, kontratu baldintzak zehazten zituzten agiriek ez dute betetzen egungo erregimen kontratua», azaldu du erantzun horretan. Dagokion berrikuspenak egin ostean, berriro egingo dute lehaiaketa, eta obrekin jarraituko dute. Otsailaren 4an hartu zuen erabakia Jaurlaritzak.
Lehiaketako agirien eta kontratuen artean ondorengo diferentziak aipatu ditu Ingurumen Sailak: lanen prezioa berrikusteko klausula eta kontratua aldatzeko aukerak. Gainera, aukera teknikoen inguruko zehaztapen falta dagoela dio. Ingurumen Sailak onartu du lanek eragina izango dutela inguruan, baina beharrezkoa dela egitea. Gogorarazi du obra horiek adjudikatu aurretik 22.036.992 euro gastatu zirela, balio erantsiaren zerga kontuan hartu gabe.
Jaurlaritzak 2011ko abenduaren 20an atera zituen lehiaketara Mutrikuko dikea amaitzeko lanak. 10,3 milioi euroan adjudikatu zituen. «Hasieratik salatu genuen adjudikazioa xelebrea zela. Oso diru gutxikoa izan zen. Hori aurrekoetan ere egin zuten, eta aldi berean eskatzen zioten lehiaketa irabazi zuen enpresari bestelako aukera bat prestatzeko», nabarmendu du
Mutriku Natur Taldeko kide Rafa Diezek.
Gainera, adjudikatu aurretik beharrezko ziren bestelako azterketak egiteko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari Mutrikuko natur taldekoek. Teknikoki ez zela aukerarik egokiena iritzi zioten. Hori argudiatzeko, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak dikea amaitzeko aurkeztutako txostena baliatu zuten. Bertan, Jaurlaritzak zioen aldatu egin zela olatuen noranzkoa. 2007an egindako txostenak zioen indar gehien zituzten olatuak mendebaldetik zetozela, eta iaz egindakoak, ipar-mendebaldetik zetozela.

Natur taldeko kideek esan zuten dikearen orientazioari bere hartan eutsiz gero olatuak Mutriku eta Deba lotzen dituen errepidearen azpira bideratuko zirela. Horrek bidea higatuko zuen, haien ustez. Beste arrisku bat ere ikusten zuten: olatuak kai barrura bideratuko zirela, eta itsaslasterra handituko zela.
Atzera egiteko eskatu zioten Jaurlaritzari. Ezetz erantzun zien. «Aldaketak dikea egonkortzeko lanetan egin behar dira, harri handiagoak erabiliz. Baina noranzkoa ondo dago, hor ez da ezer aldatu behar». Orientazio aldaketa proposatzeko datu teknikorik ez izatea egotzi zien ekologistei. Mutriku Natur Taldearen erantzuna argia izan zen. «Guk ez ditugu zuek dituzuen baliabideak. Baina Mutrikuren hobe beharrez ari gara».
Aukera baliatzea
Jaurlaritzak, orduko adjudikazioak bertan behera utzi, eta lanak geratzeko agindu du. «Bagenuen susmoa geldituta zeudela, baina ez genekien ziur», esan du Diezek.
Bere garaian defendatutako iritziari eutsi diote: «Paisaiarako astakeria bat da egin nahi dutena. Uretan ere eragina izango du, eta segurtasun ikuspegitik arriskutsua da. Izan ere, itsasoa zakar dagoen egunetan, ontziak harrietara eramango ditu itsaslasterrak. Errepidearen higaduraren kontua ere hor dago». Ekonomikoki gastu handia dela esan du. «Hezkuntzan eta osasunean murrizketak egiten ari diren garai honetan, halako proiektu bat aurrera eramatea zentzugabea da».
Hori kontuan hartuta, Mutriku Natur Taldeak bere proposamena landu du. «Inprentan daude proposamena azaltzeko esku orriak, eta datozen asteetan jakinaraziko dugu. Baina helburu garbi bat dugu: ahalik eta diru gutxienarekin, proiektu honetan egin diren hutsak zuzentzea, eta ahalik eta amaiera duinena ematea. Dagoeneko nahiko oker egin dira». Proposamena Eusko Jaurlaritzari bidaliko diote, baita Mutrikuko Udalari ere.