Parisen epaitzen ari diren euskal presoak "oso egoera txarrean" daudela salatu dute senideek
Otsailaren 18an Parisen (Frantzia) hamar euskal herritarren kontrako epaiketa hasi zenetik hona, auzipetuen abokatuak eskatutako oinarrizko baldintzek bete barik jarraitzen dutela salatu dute senideek. Aitzol Etxaburu ondarrutarraren senideak Parisen egon dira asteburuan, eta esan dutenez, oso egoera txarrean daude auzipetu guztiak. “05:00etan esnatzen dituzte epaiketa egunetan, nahiz eta epaiketa 09:30era arte ez hasi eta espetxetik 30 minutura baino ez dauden”, azaldu dute. Goizeko eta arratsaldeko auzi saioak amaituta, 23:00ak arte ez dituztela espetxera eroaten be esan dute. Gainera, egun guztian jatordu bakar bat emoten dietela diote senideek, eta horregatik onartu zietela senideek ogitarteko bana eroatea.
Senideek eroandako janaria jasotzea, eskuburdinak aurrekaldean jartzea, Euskal Herritik Parisera joandako senide eta lagunak agurtu ahal izatea eta saio bakoitzaren amaieran espetxerako trasladoa ahalik eta azkarrena izatea eskatu zuten epaiketa hasi aurretik auzipetuek. Joan den asteburuan baldintza bakarra bete da Etxabururen senideek azaldu dutenez. “Hiru senide egon gara Parisen, eta besarkada bana emoten laga digute”.