Zapatuan emon ahalko da izena Aulestiko zaldi-mando probetarako
Beste behin, martxoan sei egunetan zaldi-mando proben txapelketa hartuko du Aulestik. Hain zuzen, martxoaren 16an, 17an, 18an, 19an, 23an eta 24an jokatuko dituzte probok. Dena den, zapatuan, martxoaren 2an, izango du parte hartu gura duenak izena emoteko aukera.
Hala, martxoaren 17an eta 24an 18:00etan hasiko dituzte probak, eta gainontzeko egunetan, 21:00etan. Aulestiko harri barria erabilita lehiatuko dira; alegia, 900 kiloko harria erabiliko dute, 80 kiloko gainkargagaz. Ohi legez, abereen oinarrizko pisua 400 kilokoa izango da, eta proben hasiera baino ordubete lehenago pisatu beharko dituzte.
Lehenengo hamarren artean banatuko dituzte sariak; dena den, Lea-Artibai mailan be hiru sari izango dira. Gainera, parte hartzaile batek 45 untza egin eta saririk jasotzen ez badu 300 euroko dieta jasoko du.
Beraz, probetan izena emon gura duenak Aulestiko udaletxera jo beharko du martxoaren 2an, 12:00etan; izan be orduan egingo dute proben gaineko batzarra.
SARIAK
Orokorrak
1. saria. 800 euro, Aulestiko Udalaren manta eta urdaiazpiko eder bat Urdakik emonda .
2. saria. 700 euro eta ardo kaxa bat, Udakik emonda.
3. saria. 650 euro eta txanpan botila bi.
4. saria. 600 euro.
5. saria. 550 euro.
6. saria. 500 euro.
7. saria. 450 euro.
8. saria. 400 euro.
9. saria. 350 euro.
10. saria. 325 euro.
Lea-Artibai mailan
1. saria. 200 euro, Ibetarrik emondako manta eta txanpan botila bi.
2. saria. 150 euro eta ardo kaxa bat, Udakik emonda.
3. saria. 115 euro eta txanpan botila bi.