Herriko argiteria publiko osoa aldatu nahi du Munitibarko Udalak
Munitibarko Udalak argiteria publikoa aldatu gura du herrian; dena den, hori gauzatzeko, dirulaguntzen beharra izango du. Hala, abuztu bueltarako jakingo du udalak ea bere proiektua egitea posible izango den.
108.789 euroko kostua du udalak gauzatu gura duen proiektuak. Hain zuzen be, herriko argiteriari orain arteko bonbillak kendu gura dizkio udalak, eta horien ordez, LED sistema jartzeko asmoa erakutsi du. Hala, sistema horregaz, apurka- apurka kontsumoan murriztea gura du. Hain zuzen be, proiektuaren arabera, %56 inguruko aurrezpena egingo lukete. Gainera, Iker Belaustegi Munitibarko alkateak azaldu duenez, «argi-kutsadura be murriztuko litzateke». Alkateren arabera, argiteria publiko osoa aldatzea da asmoa: «herrikoa bertakoa eta baita auzoetakoa be».
Baina, momentuz, proiektu bat da. Dagoeneko Tokiko Agenda 21aren baitako dirulaguntza eskatu dute; orain, ikusi egin beharko dute ea Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) laguntza dekretua ateratzen duen, eta hala izatekotan, bertan be eskatuko lukete dirulaguntza.