Lekeitioko emakume sortzaileek eurek egindako jantziak, bitxiak eta osagarriak erakutsi eta saltzeko azoka antolatu dute bihar, 18:00etatik aurrera, Mantxua tabernan.
Zortzi emakume izango dira danera azokan egongo diren sortzaileak. Azalerak taldeak eta Mantxua tabernak elkarlanean antolatu dute ekimena. Azokan denak emakumeak direla ikusita eta martxoaren 8a be badatorrenez, Potxuak Martxan emakume taldeak be parte hartu du azoka martxan jartzen.
Udan antolatu zuen Azalera taldeak lehenengo bider sortzaileen azoka. Orduko hartan, udan bakarrik beharrean neguan be alternatibak sortzea garrantzitsua dela begitandu zitzaien taldekideei.
Ideiari bueltaka, Mantxua tabernak lokala eskaini zieten azoka bertan jartzeko, eta aukera polita begitandu zitzaien taldekideei. Horrela sortu da barikuko ‘poteo-marketa’.
Azokaren helburuetako bat, sortzaileek euren beharrak erakutsi eta saltzeko gune bat sortzea da. «Norberak daukana saldu ahal izatea gaitza izaten da eta honek aukera bat eskaintzen digu», diote antolatzaileek.
Beste helburu bat «neguko asteburuei alternatiba desberdina eskaintzea» dela azaldu dute. «Herri txikiek behar dituzte horrelako alternatibak», azaldu dute.