Herritarrak lansaioetako batean
Galdera bategaz hasi da lansaioa: «Euskara Markina-Xemeinen animalia bat balitz, ze animalia litzateke?». Astoa dio talde batek, «bertakoa delako, sasoi batean gitxi zeudelako baina orain asko ugaritu delako, burugogorra delako…». Txarria, karramarroa, zebra, ostruka, kamaleoia… Hasi da iritzi trukea, norberarena bota eta besteenekin aberastea. Euskarari buruz, eta euskaraz.
Markina-Xemeingo Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta, herritarrek euskarari buruzko hausnarketa egin dute, modu parte hartzailean. Euskara zein egoeratan dagoen, zer hobetu behar den eta zein den hartu beharreko norabidea. Hori izan da lansaioetan landutakoa.
Saio horietan ataratako emaitzekin, datozen bost urteetan Markina-Xemeingo Udalak euskararen normalizazioan egingo duen beharra planifikatuko dute. Helburua euskararen aldeko plan berria diseinatzea da. «Udalak, geldialdia egin, eta eguneroko dinamikatik harago begiratu nahi du», adierazi dute. «Orain arte egindako ibilbidearen kontzientzia hartu, emandako aurrerapausoak aztertu, hutsuneak eta hobetzekoak identifikatu, eta, azken batean, egungo egoeraren diagnostikoa egin nahi du», azaldu dute. Norabidea marraztu eta oinarrien eta irakasbideen bila joan da udala herritarrengana. Eta horregatik uste du herriko eragile eta norbanakoek parte hartzea oso garrantzitsua dela.
Lansaio bi egin dituzte Uhagon kulturgunean, Elhuyar Aholkularitzak dinamizatuta. Saio bakoitzean 50 herritar inguru batu dira, adin guztietakoak, hainbat esparrukoak, talde eta elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak be bai. «Oso aberasgarria izan da esperientzia; harro gaude proiektuagaz, baita herritarren erantzunagaz be», adierazi du udalak.