Garapen Ekonomikorako Kontseilua eratu du Lekeitioko Udalak eta gaur izango da lehenengo bilera. Kultur Etxeko Txitxintokian izango da, 18:00etatik 20:00etara.
Kontseiluak irekiak izango direla jakin eragin du Udalak eta herritar danak «gonbidatuta» daudela bertan parte hartzera. Halan eta be, ohartarazi dute kontseiluak «erregulartasuna» eskatuko duela. Horregatik, egingo diren hiru edo lau kontseiluetara joateko «konpromisoa» eskatuko du Udalak.
Orain hasi eta maiatzera arte iraungo du prozesu honek. Horrela, uda aurretik edukiko dituzte HAPOren aurrerakina eta Garapen Ekonomikorako Plana eginda.
Prozesuko diagnostikoa osatzeko herritarren iritziak hartu dira kontuan. Orain, egindako gogoeta horiek hartu eta datuekin jantzi eta eztabaidatu beharko dituzte, alternatiba desberdinak eztabaidatuz. «Sortu den kontseilu honen beharra garapen ekonomikorako plan estrategikoa idaztea izango da», dio Udalak.
Lehenengo fasean sortu zen talde eragileak beharrean jarraituko du eta kontseiluek behar duten informazio eta datu denak prestatzearen ardura edukiko du. Kontseiluaren eta talde eragilearen artean harremana egongo da beti.
Arlo konkretuetan zerbait sakondu nahi balitz, udaleko batzordeetan landuko dira kontuak.
Hemendik maiatzerako tartean herritarrekin batzar zabalak deitu ahal izango direla gaineratu du Udalak «egoerak hala eskatzen badu».