Ziurtasuna eta eraginkortasuna bultzatuz, etxez etxeko laguntza jasotzen duten herritarrek mendikamentuak egoki erabiltzea. Hori da gaur Politika Soziala Saileko arduradun
Arrate Urangak eta Gipuzkoako Farmazilarien Elkargoko ordezkari Angel Garayk sinatutako lankidetza hitzarmenaren helburu nagusia. «Etxez etxeko laguntza jasotzen duten herritarrentzako guztiz lagungarria izango da, bai osasunari dagokionean, baita alde ekonomikoari dagokionean ere», azpimarratu du Urangak.
Gipuzkoa aitzindaria izan da programa martxan jartzen. Hari esker, farmazilarien eta medikuen artean dagoen kezka nagusietako bati irtenbidea emango zaio. «Jende askok ez du dagokion tratamendua behar den bezala jarraitzen; medikamentuak bi aldiz hartzen dituzte, edo behin ere ez; medikuak agindutakotik kanpo aritzen dira, eta hori oso arriskutsua da», azaldu du Garayk. «Datuen arabera, dependentzia duten pertsonen %50 da kasuistika horretan sartzen dena».
Farmazien lana, ezinbestekoa
Aurrerantzean, medikamentuen programari esker, besteak beste, gaixoek botikak ezagutu eta nola erabili ikasiko dute. Dependentzia duten herritarren tratamenduaz arduratzen diren pertsonentzat ere lagungarri izango da.
Programa udalaren eta farmazien arteko lankidetzan dago oinarrituta. «Bakoitzak bere alorreko ekarpena eginda bakarrik da posible programa garatzea», aipatu du Garayk. Hartara, herriko Lon Apraiz eta Jabier Otxagabia farmaziek ere parte hartuko dute programan. «Egunerokotasunean, haien lana ezinbestekoa da», azpimarratu nahi izan du Urangak. Izan ere, farmazilariek prestatuko dute gaixo bakoitzari dagokion tratamendua, horretarako bereziki ekoiztutako blister batzuk erabilita. «Hamabost egunerako tratamendua prestatuko diegu. Amaitzean, bueltan ekarriko dute blister-a berriz betetzeko». Horrek jarraipena egiteko modua emango die.
Medikamenduten inguruko programa martxa jartzeak ez du herritarretzat eta udalarentzat