Auzitegi Gorenak asteon Urtza Alkorta, Ibon Iparragirre eta Asier Badiolaren kontrako kartzela zigorra berretsita, Gernikako Akordioa sinatu zuten Ondarroako eragileek agerraldia egin dute udalbatzar gelan. “Urtza Alkorta edozein momentutan atxilotua eta espetxeratua izan daiteke. Eragile politiko, sindikal eta sozialok erabaki hori salatu nahi dugu”. Erabaki horrek Euskal Herriak pairatzen duen gatazka konpontzeari bidea oztopatzea baino ez dakarrela esan dute, “bakea eta konponbidea lortzeko inoizko aukerak sortu diren” garaian.

“Lehenago sekula ezagutu bariko egoerara ailegatu gara, ETA erakundeak egindako urrats historikoagaz, nazioarteko eragile garrantzitsuen inplikazioagaz eta batez be herritarren bultzadari esker”. Horren harira, adierazi dute konponbide demokratikoa garatu ahal izateko ezinbesteko urratsa dela agertoki berri batean bakea eta normalizazioa eskuratzea. “Beharrezkoa da gatazka elikatu eta urraketak eragiten dituzten egoerak betirako desagertzea, eta gatazkak eragindako kalte eta ondorio guztiak konpontzea. Gobernuek mantentzen dituzten errezeta zaharrek eskubide urraketa larriak eragiten jarraitzen dute, konponbide prozesua zailduz. Gatazkari eta errepresioari lotutako edozelako atxiloketak lekuz kanpo daude gaur egungo testuinguru politikoan, eta bake egoera bat eratzeko ibilbidearen aurka jotzen du bete-betean”.
Era berean, eragileek euren elkartasuna adierazi nahi izan diete Alkortari eta haren senide zein lagunei.