Kupoak beteta, berdeleta amaitu da

Berdela deskargatzen, gaur, Ondarroako kaian.
Berdela bukatu da, eta ez itsasoan “erruz” ez dagoelako, legeak esaten duelako baizik. “Zer egin behar dugu orain?”, galdetu du etsi-etsian Bonifazio Aizpurua Stella Maris Berria-ko patroiak. Dagoeneko arrantzontzi batzuk itsasoan dira antxoaren arrastoan. Ez da erraza oraindik topatzea, baina antxoaren kanpaina zabalik da jadanik, eta hura kokatzen hasi behar dute arrantzaleek. Itxura batean oraindik ez dute ezer aurkitu. “Goizegi da”, azaldu du Getariako portuan eserita dagoen arrantzale batek. Gau osoa lanean eman du, eta itsasora begira dago. “Lau egun besterik ez dugu egin”; Senegalgo jatorrikoa da. “Ez dut ezer ulertzen”. Sardina izan daiteke beste aukera orain; urrutiegi ez badago, akaso merezi die arrantzaleei gasolioa xahutzea helburu horrekin. Orioko Beti Aingeru-n ere bukatu dute berdelarekin, baina gaur ilunabarrean itsasoratzeko prest dago Pedro Migel Uranga patroia.