Huts Teatro konpainiaren Publikoari gorroto antzerkiak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XIII. Donostia Antzerki Saria. Ander Lipus markinarrak antzezten du obran eta saria emon duen epaimahaiak bere beharra nabarmendu du, «bufoi ezinhobea» dela adieraziz.
Antzerkiko eszenografian Jose Pablo Arriaga markinarrak parte hartu du. Obrako musikaren egilea Asier Ituarte ondarrutarra da. Antzerkiaren zuzendaria, ostera, Manex Fuchs.
Xabier Mendiguren Elizegik 1985ean idatzi zuen antzerkiaren testua, eta Huts Teatrok oholtzaratu du azken hilabeteetan. Epaimahaiak hitz bat erabili du antzezlana definitzeko: «probokatzailea».
Saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan, Viktoria Eugenian antzokian.
Huts Teatroak 10.000 euro eta Jose Luis Zumetaren obra bat jasoko ditu. 8.000 euro orain eskuratuko ditu, eta beste 2.000 euroak jasotzeko, 2015. urtea aurretik euskarazko antzerki berri bat eskaini beharko du Donostian.