Lekeitioko Eskola Publikoko frontoiko teilatua konponduko du Udalak aste santuko oporretan.
Neguan egondako euri jasa handien ondorioz hainbat arazo sortu dira eskolan. Bertako arduradunekin inguruak aztertu ostean, euriteek aspaldiko arazoak «areagotu» egin dituztela adierazi dute.
Alde batetik leihoetatik sartzen zen ura. Hori euriteak egon eta hurrengo egunetan konpondu zuten. Beste alde batetik, teilatuetatik jausten zen ura. Horri konponbidea emoteko, frontoiko teilatua konponduko da astesantuan. Udal bulego teknikoa horretarako aurrekontua prestatzen ari da.
Udalak adierazi du «lehentasunezkoa» dela Eskola Publikoko azpiegiturak behar bezala egotea. «Eskola Publikoko eraikinetan sortzen diren arazoak konpondu egin behar direla argi dauka Udalak, eta horretarako, lanean dihardu», diote.
Lekeitioko Eskola Publikoak duen egoera ikusita, Lekeitioko EAJ-k kritika egin dio Bildu gobernuan dagoen udal taldeari. Euren garaian inbertsio «handiak» egin zituztela adierazi dute, eta 2011tik «utzikeria» ikusten dutela azaldu.
Horrez gain, Larrotegi auzoan egindako azken beharrengatik arazoa areagotu egin dela azaldu dute.
Guzti horregatik, txostenak eskatu dizkio EAJ-k udalari.
Bilduk jarraipena egingo duela adierazi du, eta beharrezkoak izanez gero neurriak hartuko dituela.