Udara orduko Alfa eraikina aterpetxe modura zabaltzeko asmoa erakutsi du Ondarroako Udalak (2013ko ekainean argitaratua). Konponketa lanak eta ustiapena egiteko deialdia prestatzen ari dira horrenbestez.
Bi gauza egingo ditu udalak batera: batetik, eraikinaren obra. Hasieran egingo den inbortsioa 105.000 eurokoa izango da: 63.000 euro Eusko Jaurlaritzako Itsaspen programatik jasoko du udalak, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko programatik hain zuzen be. Diru laguntza horri lotuta, abendurako amaituta egon behar da obra. Argia Ituarte alkateak esan duenez, epe motzean aterako dira obrak lehiaketa, gehienean bi hilabeteko epean. Konponketa lanak egingo dira, bai logeletan, bai gainerako geletan.
Katalogazio aldaketa
Obraren lehiaketagaz batera, zerbitzua ustiatzeko lehiaketaren baldintza ekonomiko-administratiboak prestatzen ari da udal gobernua. Ituartek jakitera emon duenez, udal jabari modura dago katalogatuta Alfa eraikina, eta hori dela eta, eraikinaren alokairua oso garestia da, udala balio osoaren %6 kobratzera behartuta dago eta. Eraikinaren balio osoa 3 milioi eurokoa da. Alokairu altuaren oztopo hori gainditu ahal izateko, eraikina jabari publiko katalogatu nahi du udalak, «zerbitzuaren kudeaketa eta erabileraren kontrola hobetzea» helburu hartuta.