Kalamuara aringa-aringa igotzeko martxa antolatu du aurten be Etxebarriko Gazte Asanbladak. Zapatuan egingo dute, eta 10:30ean aterako dira, Olaia aurretik. Aringa-aringa joan beharrean oinez igo nahi dutenak 9:15ean alkartuko dira, leku berean.
Etxebarriko herrigunetik Kalamuarako bideak 5 kilometro inguru eta 600 metroko desnibela dauzka. Denborari dagokionez, orain urte bi Oier Ariznabarretak egin zuen errekorra: 30 minutu eta 50 segundo.
Batzuk arinago, besteek trankilago, baina denek amaitutakoan «indarbarritzeko» pintxoak eta edariak egongo direla azaldu du gazte asanbladak. Sariak be egongo dira, lehenengo gizonezkoarentzako, lehenengo emakumezkoarentzako eta lehenengo herritarrarentzako.
Lasterketan izena emon nahi dutenek etxga@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali behar dutela jakin eragin dute gazte asanbladako kideek. Mezu horretan izen-abizenak, norberaren helbide elektronikoa eta herria zehazteko eskatu dute antolatzaileek.
Antolatzaileek adierazi dutenez, eguena orduko izena emotea komeni da, eta berau «borondatearen truke» egingo dela be jakin eragin dute.
Zazpigarren urtea da gazte asanbladak lasterketa antolatzen duena. «Gero eta jende gehiago animatzen da, eta poz-pozik gaude», diote. «Ezerezetik hasi ginen eta hobetzen goaz, parte hartzaileen ekarpenetatik ikasiz».