Mutrikun sormena landu eta lankidetza bultzatzea helburu hartuta antolatu du III. Motz-motzian lehiaketa Zine Forum Taldeak; adin mugak ezabatuta, hirugarren sari bat emango dute, ezusteko eta guzti eman ere.
Irudimenari lekua egiteko momentua ailegatu da, desio, sentipen, aldarrikapen eta ametsei lekua egitekoa. III. Motz-motzian film laburren lehiaketa hasi da bidea egiten. Berrikuntza eta ezusteko artean, beste behin ere, «gogotsu eta ilusioz» ekin diote egitasmoari Zine Forum Taldekoek. Eta lehiaketak orain artean eman ez duen aukera bat eskainiko die sortzaileei: adineka ez da berezitasunik egingo, eta hartara, gurasoek seme-alabekin batera egindako filma aurkeztu ahal izango dute. Aldaketa horrekin epaimahaikideei lana erraztu nahi izan diete, “adin txikikoek aurkeztutako lan batzuk ikusita, epaileak dudan egoten ziren-eta halako adineko umeek egindakoak ziren.
Martxoaren hasieran hasi zen bidea egiten lehiaketa, eta ekainaren 1era arte aurkeztu ahal dira lanak, Kalaputxiko postontzian utzita. Sari banaketa ekainaren bukaeran egingo da. Hiru sari egongo dira aurten: Xiri Saria –epaileek erabakia–; Herriaren Saria –emanaldira doan publikoak bozkatuko du– eta sari sorpresa. Galderaren bat egin nahi izanez gero, helbide elektroniko bi ipini dituzte antolatzaileek herritarren eskura:
mutrikukozineforumtaldea@hotmail.com eta
motz.motzian@gmail.com.