Agur eta ohore komandante! Lelo horrekin Venezuelako presidente izandako gogora ekarri du Sortuk asteburuan, Ziortza-Bolibarko plazan. Ehunka lagun, txalaparta soinua, euskal abestiak, aurreskua, lore eskaintza… Hori eta gehiago eskaini zioten Hugo Chavezi bere aldeko omenaldian.
Hainbat izan ziren Sortuk antolatutako ek

italdiagaz bat egin nahi izan zutenak; hainbaten artean, esaterako, Ziortza-Bolibarko zinegotziak, Lekeitio eta Markina-Xemeingo alkateak eta Sortu Bizkaiko Herrialde Kontseiluko kideak. Horiez gain, Bilbon Venezuelako kontsula den Yolanda Rojas be izan zen domekako omenaldian.
Aipatutakoen artean, Amorotoko Maribi Ugarteburu Bizkaiko Sortuko koordintzailea izan zen, eta Rojasen aurretik harek hartu zuen hitza: «Chavezek orain arte gidatutako iraultzak itxaropena eta ilusioa itzuli dio venezuelar herriari eta mundu osoko militante iraultzaileoi, erakutsi duelako azterketa teorikoetatik haratago posible dela gauzak beste era batera egitea; alegia, praktikan beste Venezuela bat posible dela», argi utzi zuen.
Hala, «beste Euskal Herri bat posible dela» aldarrikatu zuten Sortukoek domekan; «posible den heinean, beharrezkoa da, eta esfortsu horretan ahaleginduko gara», azaldu zuen amorotoarrak.
Halaber, EAJkoen inguruan be aritu zen Ugarteburu: «EAJk Espainiako morroi izateko trajea du eta egunero erabiltzen du traje bera. Guk ez dugu inoiz jantziko traje hori, herri askeak eta mugimendu askatzaileak ditugulako irizpide».